Euskaldunok Gaztelarekin eta Espainiarekin izan ditugun harremanak ez dira sekulan samurrak izan. 1200. urtean Gasteiztik hasi zuten konkistatik abiatuta, sentipen garratzak soilik eragin dizkigute. Madrilekiko kateak xehatu egin nahi genituzke, baina epe motzean zail dago. Ba al da noranzko horretan urratsik emateko beste aukerarik? Demagun Sánchez presidenteak apustu estrategikoa egiten duela estatu plurinazionala osatze aldera. Demagun independentziarako trantsizio fase bat adosten dugula Euskal Herrian. Nola uztartuko genituzke biak? Federalismoa, egungo autonomia maila bera eskainiko ligukeenez, ez dugu aski. Konfederazioaren eredura jo beharko genuke, eskuduntzen balantza gure aldera desorekatzekotan.

Konfederazioa interes berdinak defenditzeko estatu burujabek osatzen duten elkargunea da. Euskal Herria ez da estatu burujabea, baina burujabetasun osoa nahi dugu. Eta hurrengo hilabeteetan Espainiako presidentearekin negoziatu behar denez, ongi legoke eredu hori aintzat hartuta egitea. Presarik gabe, baina tinko.

Batetik, ukituko ez liratekeen Estatu mailako gaiak zehaztuko lirateke: monarkia, atzerri-politika, moneta sistema… Bestetik, euskal lurraldeen esku osorik geratuko liratekeenak: hezkuntza, osasungintza, segurtasuna, gizarte-segurantza, euskararekiko hizkuntza-politika, langileen eskubideen kudeaketa, presoen eskubideen bermea, kultura eta kirolaren esparruak (selekzioak barne), herritarrei kontsultak egin ahal izatea, justizia administrazioa...

Hegoaldeko lau probintziek autonomi-estatutu bakarrean elkartzeko eskubide aitortua izanen genuke. Segurtasunaren atalean, hemen bertako polizia bakarrik edukiko genuke eta armadaren kuartelak eraitsi eginen lirateke, herrialde desmilitarizatua izan nahi dugulako. Prozesuari amaiera emateko herri kontsulta eginen litzateke. Quebeci (1980 eta 1995) eta Eskoziari (2014) aitortu zitzaien zilegitasun berarekin.

Honela ez ginateke independentziaraino iritsiko, baina bai etxe burujabearen atariraino.

Bidali zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.