Zurbila, hotza, mesfidatia, zuhurra, fidakaitza, ernea, mina, bizia, adeitsua, kezkatia, uzkurra, aseroa, argia, borondatetsua, lotsatia, hitsa, makurra…

Saltoki erraldoietan biltzen den jende anitzaren erradiografia egiteko, aski da edozein asteburutan sarrerako edozein besaulkitan jezarririk oren bat behaketan igarotzea, gure gizartean diren gizamaila, behar, kolore, hizkuntza eta musajeez jabetzeko; ez dago zundaketa hoberik.

Azkeneko asteburuan Turkia/Siria inguruetan izandako lurrikararen ondorioak jasandakoez herritar arruntak egin dezakeenetako ekimen bakarrenetakoa izan da janari arrunta eskaintzea, iritsiko zaien bermea duen/duten elkarte edo gobernuz kanpoko erakunderen baten bidez; horixe litzateke hurbileko erantzuna-edo dei daitekeena, Zaporeak-ek antolatu duena tarteko.

Bestetik da, politika handia: NBEk, estatuek, nazioek, erakundeek, elkarteek, bakoitzak bere ahalaren arabera egin edo egin dezakeena. Horrelakoetan bihotza ez da aski, borondateaz gain aurreikuspena, antolaketa eta erabakiak behar dira.

Emaile ilaran egungo euskal gizartearen kultur-anitza islatuta ikus daiteke, bakoitzak bere jatorria, kultura, hizkuntza, bizi-nahia eta ezina, hau da, larre motxekoa luzez izanik eta bi-hiru urte hala moduzko ibilera lazgarrian hona iritsi eta, asteburu honetan harako janari-eske dagoenaren aitzinean zer egin bat-batean pentsatu gabe zirt edo zart egin behar duenaren jarrerak zirrara sortarazten du.

Eta nola erantzun behar dio boluntarioak?

Adibide bat edo beste. Turkia hitza entzun hutsarekin barne-sua asaldatzen zaionari zer esan? Armenian Turkiak eginiko sarraskiaren berririk dugun galdetzen digu batek: herra dario begirada hotz eta ausartaren gibeletik. Arrazoi osoz Turkiarako ez duela ezertxo ere emango erran digu. Nahiz eta herritarrak eta gobernua nahastu behar ez diren, beharrak ez du ideologiarik baina, memoria historikoa ere gogoratzekoa da.

Bestalde, Siriaren egoera nahasia eta latza aurreikusita, bertarako laguntza eskatu bai baina iritsiko ez denaren susmoak ere zenbaiti muzin eragiten dio kilo-arroza aise eman lezakeenean.

Giza-mixeriaren inguruko hausnarketa ez da inoiz amaituko zoritxarrez baina, hemengo nahiz edonongo beharrak hortxe dirau. 

Si quieres enviar tu Carta al Director, no puede exceder las 30 líneas y debe ir firmada. Debe adjuntarse fotocopia del DNI del remitente y número de teléfono. NOTICIAS DE GIPUZKOA se reserva el derecho de publicarlos, así como el de resumirlos y extractarlos. La dirección de envío es cartas@noticiasdegipuzkoa.eus