Super Amara Bera Beran jokatuko du datorren denboraldian Nicole Wiggins 24 urteko atezain internazionalak, bigarren urte baterako aukera adostuta, gainera, talde gipuzkoarrak atzo iragarri zuenez. Horrenbestez, Tamara Kostic serbiarra ordezkatuko duen jokalari madrildarrak, Lucia Pradesekin osatuko du atepeko bikotea talde donostiarrean.

Frantziako ligan laugarren postuan sailkatuta dagoen Nizan jokatzen ari da gaur egun Wiggins, eta aurtengoa bigarren denboraldia du bertan. Jokalari internazionalak lau aro bete ditu Espainiako selekzioarekin: sei partida jokatu ditu promesen taldearekin, 28 gazte mailakoarekin, hamahiru junior mailan eta 37 absolutuarekin. Bere lorpenen artean, nabarmentzekoa da 2022ko Mediterraneoko Jokoetan lortutako urrezko domina –Arrojeria, Hernandez eta Alvarez taldekide izan zituen– , 2022ko Europako Txapelketan parte hartu zuen, bai eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan ere.

Aste honetan Manzanaresen (Ciudad Real) programatu duen elkarretaratzean parte hartzeko deitu du Wiggins Ambros Martin estatuko hautatzaileak. Bertan, estatuko selekzioak –Anne Erauskin, Lyndie Tchapchet, Carmen Arroyo eta Elba Alvarez Super Amarako jokalariak ere bertan direla– Argentinarekin –tartean Elke Karsten eta Shula Gavilan– eta Austriarekin neurtuko ditu indarrak.

Esperientzia duen atezaina

Gaztea izan arren, “nazioarteko lehian esperientzia duen atezain adoretsua” topatu nahi izan du Bera Bera taldeak Wiggins fitxatuta. Datu bitxi gisa, atezaina izan arren, bi gol sartzea lortu du.