Donostia – Uda honetako Pariseko Olinpiar Jokoetarako prestaketa birarako, 21 jokalari deitu ditu Jordi Ribera Espainiako gizonezkoen eskubaloi hautatzaileak. Hiru lagunarteko partida eta kontzentrazio ugari izango dituzte, ekainaren 19an Hoznayon (Kantabria) hasita, taldea hitzordu olinpikorako sasoian jartzeko asmoz. Aurreko kontzentrazioetan ohikoak izan diren bi gipuzkoarrak deialdian daude: Kauldi Odriozola zumaiarra eta Imanol Garciandia urretxuarra.

Jokalariak Hoznayora joateko agindua jaso dute; Kantabriako herri horretan egongo da taldea kontzentratuta ekainaren 25era arte, Torrelavegan goiz eta arratsaldeko saioak egingo dituztelarik.

Prestaketaren bigarren fasea Katalunian egingo dute, Esplugues de Llobregaten (Bartzelona), ekainaren 30etik uztailaren 7ra bitartean, eta lagunarteko lehen bi partidak jokatuko dituzte: uztailaren 4an, 19:30ean, Montpellierren (Frantzia), Argentinaren aurka; eta uztailaren 6an, berriro argentinarren aurka, Esplugues de Llobregateko Las Moreras Udal Kirol Etxean, 19:30etan hasita.

Ondoren, Jordi Riberak uztailaren 11n Madrilen elkartuko ditu jokalariak, Norvegiara joan eta bertako selekzioaren aurkako azken lagunartekoa jokatzeko, uztailaren 16an, 20:30ean. Behin handik itzulitakoan, taldea uztailaren 22an joango da Parisera.

Jokalari hauekin osatu du deialdia: Gonzalo Pérez de Vargas (Barça), Rodrigo Corrales (Veszprém) eta Sergey Hernández (Magdeburg) atezainak; Álex Dujshebaev (Kielce), Ian Tarrafeta (Pays d‘Aix UCH) eta Petar Cikusa (Barça) erdikoak; Jorge Maqueda (Nantes) eta Imanol Garciandia (PICK Szeged) eskuin albokoak; Joan Cañellas (Kadetten Schaffhausen), Agustín Casado (Veszprém), Antonio García (Granollers), eta Daniel Dujshebaev (Kielce), ezkerreko albokoak; Ferrán Solé (PSG), Aleix gómez (Barca) eta Nantesen jokatzen duen Kauldi Odriozola eskuin hegalekoak; Angel Fernández (Limoges), Miguel Sánchez-Migallon (Benfica Portugal) eta Daniel Fernández (Stuttgard) ezker hegalekoak; eta piboteak, berriz, Abel Serdio (Orlen Wisla Plock), Gedeón Guardiola (Nava) eta Javier Rodriguez (Barca). – M.T.

EUSKAL SELEKZIOA

Bidasoako 5 jokalari Euskadikoarekin

Finlandia izango dute arerio. Bidasoa Irun taldeko Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Asier Iribar eta Julen Mujika jokalariak deitu ditu euskal selekzioak, Finlandiaren aurka bi lagunarteko partida joka-tzeko. Hamalau jokalariren zerrendan, Bidasoaren filiala den IlCapo Hondarribian jokatzen duen Bingen Beraiz ere agertzen da. Gaur bertan Eibarren izango dute hitzordua entrenamendu bat egiteko, eta ostegunetik igandera bitartean Finlandian kontzentrazioa egingo dute, bertako selekzioaren aurka bi partida jokatzeko larunbatean eta igandean bertan Karjaa-n.