Talde gipuzkoarrera iritsi zenetik, Jacobo Cuétara Bidasoa-Irun taldeko entrenatzailea, bere kirol-unerik gozoenena bizitzen ari da, eta bihar Puerto Saguntoko kantxan jokatuko duten partidan taldeak “hainbat marka historiko apurtu ditzakeela” adierazi du (18.00etan hasita).

“Sekulako marka ezartzeko aukera dugu, batetik, lehen itzuliko etxetik kanpo partida guztiak irabaztea eta, bestetik, denboraldi erdiko puntuen errekor historikoa gainditzea”, nabarmendu zuen Artaleku pabiloian eskainitako prentsaurrekoan.

Cuetarak “oso gogotsu” ikusten omen ditu jokalariak Alemaniako Europako Txapelketaren aurreko azken txanparako, eta une honetan aurkari nagusi dituen Granollersekin eta Recoletas Valladolidekin, aldea handitzeko baliatu nahi du tenore on hori. Inolaz ere, ez du partida errazik espero, mailari eusteko borrokan murgilduta dabilen Fertiberia Puerto Sagunto etxean zenbait aurkariri irabazteko gauza izan delako dagoeneko.

“Puerto Sagunto oso txukun nagusitu zaie Balonmano Cangasi eta Logroñori. Kanpoan baino askoz erosoago jokatzen dute euren etxean”, aipatu zuen entrenatzaile asturiarrak. Bere ustez, sailkapenaren behe aldeko taldeek hobeto jokatzen omen dute talde handien aurrean, aurkari zuzenekin “presio handiagoa” izaten dutelako. “Partidarik eta egoerarik zailena espero dut. Faboritoak gara, eta garaipena eskuratu asmoz joan behar dugu, beti ere, gogoan izanik partida zaila izan dezakegula, eta horri aurre egiteko mentalizatuta”, esanez amaitu zuen Cuetarak.

Iñaki Cavero ere bat etorri zen entrenatzailearekin bihar lor dezaketen errekorra nabarmentzerakoan; Bidasoak “beti irabazi nahi duela” adierazi zuen, baina ba omen dakite, gauzak ondo egin ezean edozein aurkariren aurka gal dezaketela.