Jokatutako hamaika partidetan 19 puntu lortu dituen, Super Amara Bera Berak lider amaitu du Guerreras Ligako lehen itzulia; BM Elx-ek baino puntu bat gehiago lortu du, eta sailkapen buruko laukotea osatzen duten Malagari eta Aula Valladolidi bina puntu ateratzen dizkio.

Gipuzkoarrek azaroaren 9an jokatu zuten ligako azken partida, eta partida hura berdindu egin zuten Valladoliden. Egun horretan bertan Malagak amore galdu egin zuen Kanaria Handian, eta joan den larunbatean, azaroaren 18an, gol bakarraren aldearekin Elxek porrota jaso zuen A Sangriñan Atletico Guardesen aurka. Ordura arte, ligako lau talde nabarmenek elkarren aurka jokatutako partidetan baino ez zuten amore eman: Bera Berak Malagan galdu zuen eta Valladoliden berdindu; Valladolid Malagan eta Elxen galtzaile izan zen; Malagak, berriz, Elxen galdu; eta Elxekoek etxean jaso zuten porrota gipuzkoarren aurka.

Donostiarren ikuspegitik, nabarmentzekoa da atzetik dituen taldeen kantxak dagoeneko bisitatu dituela Bera Berak: Elx, Malaga eta Valladolid, hiru horietan hiru puntu lortuz. Telden garaipena erdietsi zuen, baita ziurrenez bigarren itzulian gotorleku bihurtuko diren Elda edo Gijon bezalako kantxetan ere.

Beraz, Imanol Alvarezen taldeak talde nagusi horiek Gascan hartu beharko ditu; sei partida jokatuko ditu etxean eta bost kanpoan, eta helburua, iaz bezalaxe, liga erregularreko lidergoa errepikatzea izango da. Hartara, European Leaguerako txartel zuzena eskuratu eta kantxa faktorea alde izango luke, hau da, play-offean etxean jokatuko luke bigarren partida.

Bigarren itzulia abenduaren 22an hasiko da. Hilabete lehiatu gabe egon ondoren, Super Amara Bera Berak Granollersi egingo dio bisita, gehienetan arriskutsua izaten den partida jokatzeko. Ondoren, Elda Prestigio hartuko du abenduaren 29an Gascan, eta beste hilabete pasako da berriro Anoeta Pasealekuan jokatzerako, ez nolanahiko partida gainera, Malagaren bisita jasoko baitu urtarrilaren 27an. Otsailean Elx eta Gijon izango ditu aurkari; eta martxoan, Rocasa eta Aula Valladolid. Talde gipuzkoarrak abonu berezia eskainiko du bigarren itzulirako.

Cavo, golegile nagusi

Orain arte, Super Amara Bera Berak Guerreras Ligako hamaika partida, Iberiar Superkopako bi eta European Leagueko beste bi jokatu ditu; guztira, hamabi garaipen, berdinketa bat eta bi porrot erdietsita, azken bi horietako bat Malagan eta Norvegian bestea, Solaren aurka.

Ligako txapelketan, Malena Cavo argentinarra da golegile nagusia, 43 sartuta, bere atzetik Mariane Fernandes brasildarrak 36 gol ditu, Elke Karsten argentinarrak 35, eta Emma Boada eta Maitane Etxeberriak 32na.

Aurrez aipatutako hiru txapelketetan jokatutako 15 partidak kontuan hartuta, berriz, Boadak 56 gol sartu ditu, Cavok eta Fernandesek 55na, Karstenek 48, Etxeberriak 40, Gavilan argentinarrak 36 eta Lyndie Tchaptchet nafarrak 32.