Maria Eraunzetamurgil etxera itzuliko da hiru urte luzeren ondoren. “Itzultzeko beharra sentitu dut, eta taldeak ere, agian, izango du nire premia”, esan zuen atzo bere aurkezpenean 1,85 metroko eta 26 urteko hegaleko donostiarrak, IDK Euskotrenera itzuliko dela jakinarazi zen prentsaurrekoan.

Nahiz eta duela bi jardunaldi Joventuten aurka talde gipuzkoarraren elastikoarekin jokatu, ez zuen Gernikaren aurka jokatzerik izan orkatilan dituen arazo fisikoak medio.

Nolanahi ere, Ligako hurrengo partidarako, larunbatean izango da Celtaren aurka Gascan (18:00etan), erabat osatuta dagoela ziurtatu du. “Aste osoan gogor egingo dut lan, prest egon ahal izateko. Ahalegin guztiak egingo ditut punttu-punttuan egoteko”, esan zuen “oso pozik” omen dagoen Mariak.