Akordioa sinatu dute Guuk Gipuzkoa Basketek eta Josip Vrankicek, Kanadan jaio arren Kroaziako pasaportea duen 205 zentimetroko hegaleko pibotarekin, datorren denboraldirako.

Italiako bigarren mailako Chietin eta Ravennan denboraldi bikaina jokatzetik dator. Lehenengo taldean 17 norgehiagoka jokatu zituen, partiduko batez beste 15 puntu eta 8 errebote lortuz, 18ko balorazioarekin. Denboraldiko azken sei partidak Ravennan jokatu zituen, batez beste 11 puntu eta 6 errebote lorturik. Talde bietan % 35etik gorako portzentajea lortu zuen hiruko jaurtiketetan.

Estatu Batuetako NCAAko Santa Clara Broncos taldean trebatu zen saskibaloian. Estatu Batuetan jokatutako denboraldi guztietan 10 puntutik gora sartu zituen partidako.

JOKALARI MOLDAERRAZA

Josipen fitxaketarekin, 4ko zein 5eko postuan ongi moldatzen den jokalaria ekarri du Gipuzkoa Basketek, saskiari begira erasokorra, uztaipean jokatzen badakiena, eta kanpotik jaurtitzeko zelaia zabaltzeko gauza dena.

Manex Ansorregi eta Ivan Aurrecoechea fitxatu ondoren bera izan da hirugarrena. Beraz, dagoeneko zortzi jokalari baditu konfirmatuta talde gipuzkoarrak 2023-24 denboraldirako: Xabi Oroz, Aitor Zubizarreta, Mikel Motos, Ander Martinez, Manex Ansorregi, Mike Carlson, Ivan Aurrecoechea eta Josip Vrankic etorri berria.

GBCko kirol zuzendaritzak buru-belarri lanean jarraitzen du, ahalik eta jokalari talderik lehiakorrena osatu eta zaleengan ilusioa eta kidetasun sentimendua sortu asmoz.