Anbizio handia erakutsi zuen Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari berritzat aurkezteko prentsaurrekoan Jose Luis Zubizarreta, Xubik. “Joan den denboraldian egindakoa hobetu nahi dugu, eta hobetze horrek erregularragoak izatea dakar; txapelketari dagokionean play-offetan sartzea izan behar dugu helburu, eta beste helburu ezinbestekoa Angulas Aguinaga Arena lepo betetzea izango da, play-offetan egon zen bezala”. Aste honetan entrenatzaile berriari buruzko berririk izango dela aurreratu zuen kirol zuzendariak, eta Gipuzkoako saskibaloian ilusioa piztuko omen du, gainera. 

Zubizarreta atzo aurkeztu zuen Nacho Nuñez klubeko presidenteak, Donostiako Olarain Ikastetxe Nagusian.

Taldeko agintari nagusia pozik agertu zen Xubi taldera etorri izanarekin: “Gipuzkoa Basketen oso pozik gaude Xubi kontratatuta, bere eskutik proiektuak Gipuzkoan tinko errotuta jarraituko duelako, horixe baita gure izaeraren ezaugarrietako bat da aspalditik”.

Xubik eskerrak eman zizkion Administrazio Kontseiluari erronka berri horri heltzeko berarengan jarritako konfiantzagatik. “Erronka berri eta zaila izango da, baina gogotsu eta ilusioz gainezka nator”. Gainera, Gipuzkoako saskibaloian ilusioa piztea ezinbestekoa dela esan zuen. “Oinarri sendoa ezarri behar dugu, eta batez ere, talde honen inguruan ilusioa piztu eta sentimendua sortu. Batzuetan irabazi egingo dugu eta beste batzuetan galdu, baina Gipuzkoako saskibaloiaren ilusioa piztu behar dugu garaipenetatik eta mailaz igotzetik haratago”. “Gipuzkoa osoa kohesionatu eta klubei lagundu behar diegu”. “Gipuzkoako saskibaloiaren motorra izan behar dugu”. “Gipuzkoa Basketek hobera egitea, Gipuzkoako saskibaloiaren mesederako izango da”.