Illunbek Gipuzkoa Basket eta Leyma Coruñaren arteko kanporaketaren hirugarren partida jasoko du ostiral honetan (20.00etan). Lolo Encinasek zuzentzen duen taldeak ezustean harrapatu zituen galiziarrak euren kantxan, eta garaipena lortu zuen lehen bi neurketetan (67-77 eta 62-71). Donostiarrek defentsa bikaina egin zuten eta horri esker gainditu zituzten Curuñarrak.

Galiziarrek partida irabaziz gero, Lolo Encinasen mutilek sailkapena lortzeko bigarren aukera izango lukete Donostian bertan, igandean 12:00etan hasita. Ligako fase erregularrean, Leyma Coruñak garaipena lortu zuen Illunben (68-81).

Guuk Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile Lolo Encinasek azpimarratu zuenez, partida hau “play-offa errematatzeko aukera ederra da, eta hortik aurrera datorrenerako ere prest gaudela esango nuke. Ea aurreko partidatan egindakoa errepikatzeko gauza izaten garen, eta Coruñan bezala, gure joko-moldera eramatea lortzen dugun”.

Encinasek aldaketak espero ditu bisitarien planteamenduan. “Epik eskarmentu handia du play-offetan, eta zalantzarik gabe gauza desberdinak planteatuko dizkit. Egun gehiago izan ditu prestaketa lanak egiteko, eta 0-2koarekin badatoz ere, oso onak dira. Saskiratze errazak eta partzialak ez oparitzea izango da partidaren gakoa”. 

Entrenatzaileak zaletuen garrantzia ere azpimarratu zuen: “ea lortzen dugun oihu egitera etortzea, animatzera, eta etxean jokatzen dugula sentitzea. Jendea jarrera horrekin etorriko dela iruditzen zait, bai badakite play-offa zer den, eta bihar laguntzeko tenorearekin hurbilduko dira”.  

Gipuzkoarrek kanporaketa gaindituz gero, Movistar Estudiantesen eta Hereda San Pablo Burgosen arteko kanporaketako irabazlea izango dute aurkari lauko finaleko finalerdietan, hilaren 17an, larunbatarekin. GBCk bezalaxe, Burgoseko taldeak etxetik kanpo irabazi egin zituen serie honetako lehen bi partidak (87-92 eta 89-102).