Leyma Coruña izango du arerio Guuk GBC talde donostiarrak ostiral honetan ACB Ligara igotzeko play-offean, bost partidatatik hiru aurrena irabazten dituena nagusituko den lehian. Lehen bi norgehiagokak Riazorreko Kirol Jauregian jokatuko dira; ostiralekoa19:00etan hasita, eta igandekoa 18:00etan.

Talde galiziarrak hirugarren postuan amaitu du liga erregularra, 23 partida irabazi eta hamaika galduta; Lolo Encinasek zuzentzen duen taldea, berriz, zortzigarren izan da 19 partida irabazi eta 15 galduta.

Liga erregularrean, GBC galtzaile izan zen Coruñaren aurka Donostian (78-85), baina donostiarrak nagusitu egin ziren Galizian (68-81).

GBCko entrenatzaile Lolo Encinasen esanetan, “hauxe da denboraldiko unerik politena. Borroka latza izango da, ea hiru partida aurrena nork irabazi. Gauza bakarra dugu buruan sartuta: lehengo partida da funtsezkoa, eta orduan ikusiko dugu zer moduz gauden”. Leyma Coruñako jokalariek “oso denboraldi ona egin dute, eta liga gogor honetan hirugarren geratu dira. Bigarren itzulian oso sendo jardun badute ere, jakin badakigu, euren aurka ondo lehiatzeko gauza izan garela”. Encinasek ondo gogoan ditu talde aurkariaren arrisku printzipalak: “Barrueta eta Font bi super tiratzaile dira, eta badituzte gainera, oso jokalari fisikoak dien Simeunovic eta Lundqvist. Diagne erabakigarria iruditzen zait defentsan, partida aldatzeko gauza izaten delako; eta Filipovic joko antolatzailea, esperientzia handiko jokalaria da”.  

Jokalari guztiak sasoiz egonda, denak kontuan izango dituela berretsi zuen. “Denok joango gara. Halako batean talde guztia batera entrenatzen ikustea oso pozgarria da, eta ea horrek ere laguntzen digun”. – M. Tolosa