Pasa den igandean, hilak 2, ospatu zen Kilometroen festa Ibarran Uzturpe Ikastolaren eskutik, eta Aitor Bengoa Ansa, zuzendariaren esanetan, eredu berriko Kilometroak jaiaren lehen edizioan nola edo hala parte hartu duen kide oro pozik agertu omen da. “Buruan nahi genuen aldaketa gauzatu dela esan genezake”, baieztatu zuen. Gauzak horrela, aurtengo Kilometroak jaiak “zapore ona” utzi die antolatzaileei, atzo eginiko balorazioan jakinarazi zutenez.

Izan ere, 2022ko ikastolen festa formatu berri baten isla izan baita: ibilbiderik ez, ezta gune ezberdindurik ere. Aldiz, lau ideia nagusitan oinarrituriko ekintzak espazioan zehar elkarbanatu zituzten, eta ez hori bakarrik, ekitaldiak urte guztian zehar gauzatu baitituzte. Aldaketa guzti horien helburua “jai eredu ezberdina osatzea” eta “eskaintza zabaltzea” izanik, antolatzaileak “kezkatuta” zeuden ospakizunaren “neurriarekin”. “Guk diseinaturiko jaia ez zen garai bateko Kilometroak jai erraldoi horiei lotutakoa”, adierazi zuen Bengoak; hala ere, “neurri-neurriko eguna lortu dugu; eremuak ez ziren horren handiak eta jai giro ederra egon zen”.

Oraingoz, Uzturpe Ikastolan ez dute bildutako herritarren kopuru zeha-tzik, baina “kopuruak kopuru, gure balorazioa ez da aldatuko”, aipatu zuen Bengoak; “jende kopuruari baino, kalitateari” eman nahi izan baitiote garrantzia.

Gazteak izan dira antolatzaileen ardura nagusietako bat, “garai bateko kilolitroak saihestu” nahi zituztelako, Bengoaren hitzetan. Horretarako, “musika eskaintza bereziki zaindu dugu” eta “beste batzuetan gertatu izan den bezala, edariaren bueltan legokeen, haiei begirako gune jakin bat” antolatzea ekidin dute. Berrikuntza guzti horiekin “asmatu dugula iruditzen zaigu”, adierazi zuen Uzturpe Ikastolako zuzendariak.

Igandeko festan intzidentzia kopurua oso txikia izan zela jakinarazi zuen Bengoak: Sexu eraso eta “istripu larririk” gabeko eguna izan omen zen, eta “alkoholarekin ere ez zen arazorik” izan. Hori guztia, kasualitatea baino aldez aurretik eginiko lanaren ondorioa omen da. “Gure antolaketan segurtasun, prebentzio eta hezkidetza batzordeak izan ditugu, lanketak ere egin ditugu sare sozialetan, gazteekin... eta Ikuskizun batzordeak egindako ekitaldien diseinua oso garrantzitsua izan da”, gehitu zuen Bengoak.

Antolaketa prozesuan parte hartu duen ororen lana eskertu zuen Lasak. Igandean 800 pertsona aritu ziren Ibarran lanean, eta urtean zehar antolatutako ekitaldietan are gehiago ibili dira buru belarri. “Oso pozik gaude herriaren erantzunarekin. Antolaketan eta eguneroko lanetan herriko jende asko aritu da, eta horrek garbi erakutsi du ikastolatik harago doan zerbait izatea lortu dugula”, laburbildu zuen zuzendariak.