Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak medikuntza pertsonalizatua eta neurozientziak lehenesten dituen dokumentua aurkeztu berri du Legebiltzarrean. Joan den uztailean onartutako estrategia atzo aurkeztu zion Ibarrondok Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari, eta bost ardatz nagusi ditu.

Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, lehenengo arda-tzak koordinazio eta integrazio handiagoa lortu nahi du ikerketa-institutuen, asistentzia-arloaren eta enpresa-arloaren artean.

Horretarako, ikerketa-institutuek enpresen eta teknologiaren ekosistemarekin duten lankidetza sustatuko da. Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko osasun-arloko ikerketa-sistema erabat birformulatu da, eta, aurrerantzean, Osasuneko Euskal Ikerketa izena hartuko du, Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta biosistemak elkartuko dituelarik BIOEFen koordinaziopean.

Espezializazioa eta talentua

Bigarren ardatzaren helburua institutuen espezializazioa indartzea da, osasun-sistemaren bikaintasuna lortu eta premiak asetze aldera. Ibarrondok nabarmendu zuenez, 2016tik hona euskal sistemak %61eko hazkundea izan du eragin handiko argitalpenetan, eta %40,45ekoa ohiko argitalpenetan, eta estrategiak erritmo horri eutsi nahi dio.

Hirugarren ardatza talentua sor-tzeari buruzkoa da. Gaur egun, Euskadin ia 3.000 pertsona ari dira osasunaren arloan ikertzen, eta horietatik %85 Osakidetzako profesionalak dira. Proiektu gehienak, gainera, emakumeek gidatzen dituzte, eta ikertzaileak gehitzen jarraitzea da erronka. Beste hainbat jardueren artean, Osakidetzan ikerketa-karreraren eredu bat definitu nahi da, gure sisteman talentuari eusteko eta talentu gehiago erakar-tzeko programak identifikatuz.

Presentzia eta finantzaketa

Laugarren ardatzaren helburua euskal ikerkuntzak nazioartean duen presentzia areagotzea da, mundu mailan. Une honetan, osasunari lotutako nazioarteko 56 ikerketa-proiektutan parte hartzen ari da euskal osasun-sistema publikoa. Aurrera begira, euskal presentzia zabaldu egin nahi da, nazioarteko proiektu lehiakorren lidergoa eskuratuz.

Bestetik, bosgarren eta azken ardatza, ikerketa-proiektuen finantzaketa hobetzea izango da. Osasun Sailak I+G+Bra bideratzen duen aurrekontua etengabe hazi da; aurtengo igoera %15ekoa izan da, 25 milioi eurotik gorakoa izateraino.

Ibarrondok aitortu zuenez, ahalegin hori, “beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa, eta alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eskatzen du”. Azken sei urteetan, institutuen kanpo-finantzaketa %95 handitu da, eta baliabideak behar bezala finkatu ahal izateko, osasun-sisteman ikerkuntza eta berrikuntza finantzatzeko esparru egonkor eta eraginkorra lortzea da helburua.

Bere hitzaldian, estrategia hori, Eusko Jaurlaritzak osasun-ikerketaren alde egiten duen apustuan “aurrerapauso sendoa dela” azpimarratu zuen Osasun Ikerketako zuzendari nagusiak, esparru horretan “Euskadi ez baita hutsetik abiatu”.

Bere hitzetan, BIOEFek duela bi hamarkadatik hona koordinatutako osasun-ikerketako institutuek osatzen duten “ospe handiko sarea du” Euskadik; baita Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-babes finkatua ere; lankidetza publiko eta pribatuko ekosistema; eta “Osakide-tzako profesionalek osatzen duten giza kapitala”.