Beizamak alokairuko hamabi etxebizitza publiko izango ditu eta produktibitate kontzeptu berritzailea martxan jarriko da. Jaurlaritzaren talde batek Europako hiri- eta arkitektura- ideien lehiaketa bat irabazi du. Egitasmo honen helburu nagusia herri txikietako biztanleriaren zahartzearen arazoa gainditzea da; hau da, gazteak haien herrietan, kasu honetan Beizaman, gelditzea eta kanpotik etortzea haien proiektu eta lanak bertan ekoizteko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako Zuzendaritza "Europan 16" lehiaketara aurkeztu zen eta nazioarteko epaimahai batek aukeratu zuen. Europako bederatzi herrialdetako 40 tokien artetik Beizaman garatuko dena lortu zuen garaipena eta saria, 12.000 euro.

Talde irabazleak Beizaman aurkeztu ditu ostiral honetan proposamenaren nondik norakoak herriko Natur Eskolan. Taldeko kideak Juan Carlos Martin, Cynthia Rosalía Rabanal, Jordi Olivella, Pol Mensa, Clara Alsedà y André del Río dira. Haien ustez, Beizaman egingo dutena "despopulazioarekin galdutako zerbitzuak berreskuratzeko aukera bat da, biztanle gehiago ere erakarriz eta, modu horretan, hazkunde- eta garapen-ziklo berri bat hasiz”.

Natur Eskolan egon den jardunaldian proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte. Herriko bi polo sozialak lotuko dituen bide publiko bat marrazten dute eta 12 etxebizitzak lau eraikinetan banatuko dira. Hala ere, haien ideia ez da herriarekin bat egiten ez duen estiloa sortzea: eraikinak baserri tradizionalarekin integratu nahi dituzte, baina egungo etxebizitzaren ikuspegiarekin.

Gazteak Beizamara bizitzera joateko, eremu komunak eraikiko dituzte ekoizpen-jarduerak instalatzeko. Bertan, haien lantegia izango lukete eta herri txiki batean bizitzea ez litzateke arazorik izango lan egiteko, batez ere kontuan hartuta pandemiak orokortu duen eredu berria, telelana.

Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak azpimarratu du proposamenak “Beizamara berariaz egokitutako tipologia bat” planteatzen duela, “baina, agian, alokairuko etxebizitza publikoaren beste kontzeptu bat gara dezake, landa-ingurunera egokitua eta gure lurraldeak berrorekatzen lagunduko duena”. Beraz, Beizaman bizitzeko eta lan egiteko aukera ematen duten etxebizitza-eredu berritzaileak bilatu nahi dira eta gero beste leku batzuetara ideia berdina eramatea.