“Kultura eta arte ekitaldiak garatzeko, programatzeko eta zabaltzeko” Chillida Leku museoak eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

Bi erakundeen artean jatorri anitzeko ekitaldiak antolatzeko lankidetza jasotzen du hitzarmenak; ahal den neurrian Musikeneko ikasleak izango dira protagonista bai eta bertako irakasleak ere, bi erakundeek atzo ohar bateratuan adierazi zutenez. Akordioa Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Mireia Massague Chillida Lekuko zuzendariak sinatu zuten.

Jarduera horietan Chillida Leku eta Eduardo Chillidaren obra izango dituzte inspirazio-iturri Musika Garaikidea Sortzeko Masterreko ikasleek, euren obrak sortzeko.

Sorkuntza lan horiek behin egindakoan, Musikeneko ikasleen bakarkako zein formatu txikiko taldeen kontzertuak programatuko dituzte.

Chillida Lekuko Hezkuntza arduradun Nausica Sanchezek adierazi duenez, “Eduardo Chillidaren lana oso lotuta dago musikarekin”, eta haren “diziplinartekotasuna” oso lagungarri da artista horrengana hurbiltzerako orduan. Musikan inspiratutako eskultura sail ugari sortu zituen Chillidak, eta bereziki Johann Sebastian Bach konpositore alemaniarrari lan ugari eskaini zizkion “biziki miresten baitzuen”.

Horrez gain, musika eta eskultura barne hartzen dituzten diziplinarteko sorkuntza-proiektuetan parte hartuko dute erakunde biek, eta Chillida Lekuk gonbidatutako artisten eskutik masterclassak, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko zaizkie Musikeneko ikasleei.

Hitzarmenean jasota dagoenez, ikasleen aukeraketa Musikenek egingo du, eta espazioa eta bertako beharrizan teknikoak Chillida Lekuk ipiniko ditu.