Pasa den urtean pobreziaren edo gizarte-bazterketaren arriskuan dagoen biztanleria %16ra igo zen 2021ean aurreko urteko %13,9aren aldean; halere, autonomia erkidego guztietako bigarren tasarik baxuena izaten jarraitzen du Nafarroakoaren atzetik ( %14,7). Horixe erakusten du Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) asteazken honetan argitaratutako Bizi Baldintzei buruzko Inkestak: Espainian pobrezia-arriskuan dagoen biztanleriaren tasa %27,8koa da, aurreko urtean baino zortzi hamarren handiagoa.

INEtik azaldu dutenez, hiru egoera hauetakoren batean dagoen biztanleria neurtzen duen Arope tasaren definizio berri batekin ezartzen omen da ehuneko hori: pobrezia-arriskua, gabezia material eta sozial larriak dituena, edota enpleguan intentsitate txikia duena. Autonomia erkidegoen arabera sailkatuta, pobrezia edo gizarte bazterkeriako arrisku-tasarik handienak Extremaduran ( %38,7), Andaluzian ( %38,7) eta Kanarietan ( %37,8) dituzte.

Euskadi izan da, berriro ere, pertsona bakoitzeko urteko batez besteko diru-sarrera handienak dituen erkidegoa, 15.544 eurorekin, eta ondoren Nafarroa dator 15.269 eurorekin. 2021eko Estatuko batez bestekoa 12.269 eurokoa izan zen. Hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko diru-sarrerak 2020koak baino %1,7 txikiagoak izan ziren, orduan urteko 15.813 eurokoak izan baitziren, horretan ere Espainia osoko handiena. Sarrerarik txikienak Extremaduran (9.500), Murtziako Eskualdean (9.931) eta Andaluzian (9.915) izan zituzten.

Pobrezia-arriskua ere hazi egin zen Euskadin 2020aren aldean, %9,8an kokatuz, alegia, ehuneko 2,2 puntu handiagoa, nahiz eta estatuko bigarren txikiena izan, Nafarroakoaren atzetik. Bestalde, INEk etxeko-unitateen zailtasun ekonomikoak aztertu ditu egoera jakin batzuekiko: urtean gutxienez astebetez oporretan joan ahal izatea, ustekabeko gastuei aurre egiteko gaitasuna, ordainketak atzeratzera behartuta egotea, edota hilaren amaierara zailtasun handiz iristea.

Euskal herritarren %4,6k aitortu du zailtasun handiak dituela diru-sarrerekin hilaren amaierara iristeko; Estatuko batez bestekoa %8,8koa denez, Euskadi da zailtasun gutxien dituen bigarren erkidegoa, Errioxaren atzetik (%3,1).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan urtean gutxienez astebetez oporretan joateko aukerarik ez duen biztanleriaren portzentaia %16,4koa da, 2020an baino txikiagoa ( %18). Eta ustekabeko gastuei aurre egiteko gaitasunik ez duten pertsonen propor-tzioa ere hobetu egin da, 2020ko %19tik 2021eko %18,4ra murriztu baita.

Bi ehuneko horiek Estatuko autonomia-erkidego guztietako txikienak dira. Espainia osoan oporretara joan ezin direnak batez beste %32,7 dira, eta beste %33,4k aitortu du ezin diela ustekabeko gastuei aurre egin. Ustekabeko gastu horiek ordaintzeko gaitasunik ez duten biztanleen kasuan, daturik txarrenak Kanarietan (%49,8), Murtzian (%43) eta Andaluzian (% 42,4) dituzte, eta oporrik egin ezaren kasuan, Andaluzian (%45,7), Murtzian (%44,4) eta Extremaduran (%41,6). Beste arlo batean, EAEko biztanleen %8,8k onartu du atzerapenak dituela etxebizitza nagusiarekin lotutako ordainketetan edota epekako erosketetan; hori ere bigarren daturik txikiena da, Errioxaren atzetik, Espainiako batez bestekoa biztanleriaren %14,4an dagoelarik. Arope (ingelesez At Risk Of Poverty or social Exclusion) izeneko pobrezia-arriskuaren edo gizarte-bazterketaren tasa 2010ean sortu zen, Europako pobrezia erlatiboa neurtzeko, diru-sarrerak baino kontuan hartzen ez dituen pobrezia-arriskuaren tasaren kontzeptua zabalduz.