Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak sustatutako Euskadi Lagunkoia programaren hamargarren urteurreneko inaugurazio-saioan parte hartu zuen atzo Gasteizek. Programa honen helburu nagusia da udalerriak gero eta integratzaileagoak, eskuragarriagoak eta lagunkoiagoak izatea.

Urteurrena atzo ospatu zen Donostian, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek parte hartu zuten. Ekimen hori haren sailak sustatzen du eta Matia fundazioak jarri du abian; ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) auzoak, herriak eta udalerriak garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren eremuetan hobetzeko, bai eta eraikinak eta aire zabaleko espazioak ere. Hala, hitzordua Iñigo Urkullu lehendakariak itxi zuen, eta, hartan, Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak eta, esan bezala, Gorka Urtaran Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak ere parte hartu zuten. Urtaranen iritziz, zahartzea gizartearen erronka da, eta, alde horretatik, gaur egun adineko pertsona askok pairatzen duten bakardadeari aurre egiten jakiteak duen garrantzia azpimarratu zuen. Horretarako, erakunde publikoetatik hainbat programa sortzearen garrantzia nabarmendu zuen, auzi horretan borrokatzeko.

Ildo beretik, Beatriz Artolazabal sailburuak azpimarratu zuen Euskadi Lagunkoiaren helburua herritarren parte-hartzea susta-tzea dela, auzoak, herriak eta udalerriak hobetzeko, garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren, eraikinen edo aire libreko eremuen arloan, besteak beste. Artolazabalek goraipatu zuen 2012an Euskadi Lagunkoia ekimena abian jarri zutenean ezarritako helburu nagusiak bete direla.

Izan ere, Euskadi Lagunkoia, abian jarri zenetik, hazten joan da, eta, orain, EAE osoko 70 udalerrik osatzen dute sarea: Gipuzkoa 25ek, Bizkaiko 27k eta Arabako 18k.

Azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak “erakunde publiko eta pribatuak, profesionalak, unibertsitate eta zientzia-elkarteak, adinekoak ordezkatzen dituzten erakundeak, boluntarioak, zerbitzu-hornitzaileak eta komunikabideak lagunkoitasunaren mugimenduarekin bat egitera” gonbidatu zituen.