- Gipuzkoa Basketek Prat talde kataluniarraren aurka jokatuko du eta Juaristi Iraurgik Huesca izango du arerio.

Talde donostiarrak Praten aurka jokatuko du kataluniarren kantxan, eguerdiko 12.15ean hasita. GBCk covid kasu batzuk izan ditu azken egunotan, eta Lolo Encinas teknikariak ez du zehazki jakingo partidaren aurreko momentuetara arte zein jokalarirekin jokatu ahal izango duen: "Hainbat jende berreskuratu dugu, bederatzi ia seguru prest egongo dira, eta besteren bat baldin badago eta 10ekoa osatzen badugu, dotore". Talde donostiarraren espedizioan, gainera, Xabi Oroz egongo da: "Ez dakit minutu batzuk jokatu ahal izango dituen ala ez, baina taldearekin egotea nahi dut. Bera nor den kontuan izanda guretzat garrantzitsua dela iruditzen zait".

Acunsa GBCk zazpi garaipen eta sei porrot erdietsi ditu orain arte, Pratek berriz, lau partida irabazi eta bedera-tzi galdu. Encinasek azpimarratu duenez, Bartzelonako taldea "oso talde gaztea da, Joventutekin entrenatzen duen kalitatezko jokalariz osatutakoa. Bi jokalari azpimarragarri ditu: esperientzia eskaintzen dien Marc Blanch, eta sekulako maila erakusten ari den Sergi Costam. Gorabehera handiko taldea da, baina nabarmentzekoa da erasoko errebotetan bigarren taldea dela". Talde donostiarrak ez du partidarik jokatu abenduaren 29az geroztik, eta orduko hartan Alicante mendean hartu zuen (87-91); aurreko astean jokatzekoa zen Iraurgiren aurkako derbia bertan behera geratu zen covidaren ondorioz.

Urola bailarako taldeak, berriz, Levitec Huesca izango du aurkari Azpeitiko kiroldegian (19.30ean). Juaristik galdu egin zuen joan den asteartean Valladoliden aurkako hamabigarren jardunaldiko atzeratutako partida (59-82); sailkapenean hamahirugarren postuan dago, eta Huescakoak azken-aurrekoak dira, soilik bi garaipen lortuta.