Síguenos en redes sociales:

Bera Berak ez du etenik izango azaroaren 22ra arte

TALDE DONOSTIARRAK zortzi partida jokatuko ditu, ligako bost, Superkopa eta Europako kanporaketa, sei astetan

Bera Berak ez du etenik izango azaroaren 22ra arte

- Irailaren 11n Liga Guerreras Iberdrola txapelketa hasi zenetik, bi jardunaldi baino ez dira jokatu. Orain, selekzioei eskainitako bi aste hauen ondoren, Bera Berak ez du atsedenik izango azaroaren 22ra arte.

Liga, Superkopa eta European Handball League berria zain ditu Super Amarak. Larunbat honetan, Donostiarrak Kanariar Uharteetara itzuliko dira, oraingoan Lanzarote Puerto del Carmenen aurka jokatzeko Tias udalerrian (18.00etan Euskadiko ordutegian). Ligako laugarren jardunaldian, berriz, egungo Kopa txapeldun den Malagaren aurka neurtuko dituzte indarrak gipuzkoarrek Gasca Kiroldegian, urriaren 18an, 12.10etan hasita, ETB1ek zuzenean eskainiko duen partidan.

Urriaren 20an, Vienan egitekoa den European Handball Leagueko zozketari adi-adi egongo da Bera Bera. Bigarren txandako bost kanporaketak urriaren 10etik 18ra bitartean jokatuko dira, eta multzoen fasean sartzeko hirugarren kanporaketak, donostiarrak tarteko direla, azaroaren 14tik 22ra.

Hala ere, Europako txapelketari ekin aurretik, Superkopa eta ligako konpromisoak baditu Super Amarak. Urriaren 24an, larunbatez (18.00etan), Uneatlántico Pereda izango da Donostian, eta, ondoren, Superkopa. Kopako lehen kanporaketa jokatuko denez, Espainiako Eskubaloi Federazioak Superkopa ipini du urriaren 31n (18.00etan) Malagako Ciudad Jardín-en; final hori Bera Berak (2019-20 Ligako txapelduna) eta Malagak (Kopako txapelduna) jokatuko dute.

Zuazoren aurkako partida ligako seigarren jardunaldian iritsiko da, Lasesarren azaroko lehen asteburuan. Gainera, litekeena da lehen itzuliko azkena izango den Aula Valladoliden aurkako partida aurreratu eta azaroaren 11n, asteazkenez jokatzea, Bera Berak European Handball Leagueko kanporaketari aurre egin behar baitio azaroaren 14tik aurrera. Hartara, gipuzkoarrek ez lukete Europako txapelketako bi partiden artean ligako jardunaldirik izango.

Laburbilduz, bi asteko etenaldiaren ondoren, Bera Berak zortzi partida jokatu beharko ditu hurrengo sei asteetan (azaroaren 22ra bitartean): ligako bost, Superkopa eta European Handball Leagueko kanporaketa.

Talde gipuzkoarrak larunbatean ekingo dio berriro liga txapelketari Lanzaroten (18.00)