-Gipuzkoako eta Bizkaiko balkoietan jokatuko da Realak eta Athleticek gaur Sevillan jokatu behar zuten Kopako finala. Zaletu talde baten ekimenez, nahi duten alde bietako jarraitzaile guztiei parte har-tzeko deia luzatu diete sare sozialen bitartez.
"Sevillan ere entzun dadila" aldarrikatu nahi izan dute talde bakoi-tzaren ereserkiaren gainean, COVID-19ko pandemiak atzeratu duen finala jokatzekoa zen egunerako ekintzak bultzatu dituzten zaleek.
Ekimen honen bidez, lehenik eta behin, bi lurraldeetako balkoiak taldeen koloreekin apaintzera deitu dute.
Balkoien derbia deitu dioten honetan, Realeko zaleei euren etxebizitzak txuri-urdinez janzteko eskatu diete, eta Athleticekoei, jakina, zuri-gorriz.
Eguna animatzen hasteko, 12.30etik aurrera bakoitzak bere taldearen kamisetak soinean dituela pintxo-pote bat egitea proposatzen dute; ondoren, Ikusi mendizaleak bezalako kantu esanguratsuak abestuz.
Pintxo-pote hau girotzeko, bozgorailuak balkoira ateratzeko gonbita egin dute. 13.00etatik aurrera talde bakoitzaren ereserkia jar-tzea pentsatu dute "ahalik eta ozenen". "Euskal futbolaren festa honetan, balkoiak izango dira gure Fan Zoneak", adierazi dute antolatzaileek.
Arratsaldean, osasun-langileen-tzako txalo zaparradaren ondoren, lurralde bakoitzean euren taldeen ereserkia abestea proposatzen da, Mikel Laboaren Txoria txori abestiarekin amaitzeko.
Hitz bitan, gaurko egunez euskal derbi batekin Kopako finala ospa-tzekoa zela gogoratzeko modu berezi bat.
Atzo aitortu zuen Miguel Angel Moyák oraindik ziur ez dakiela etorkizunak zer ekarriko dion, baina ondo bidean urtebeterako berrituko duela Realarekin. "Ez dakit datorren denboraldian non jokatuko dudan, baina oraintxe ez nago horrekin kezkatuta. Lehenik eta behin, arazo larri hau konpondu eta errutinara itzuli nahi dut; batik bat familiarengatik, eta ez bakarrik seme-alabengatik eta emaztearengatik, baita anaiarengatik eta gurasoengatik ere, eta baita mundu guztia normaltasunera itzul dadin ere. Egia esan, nire asmoa ez dut inoiz ezkutatu eta Realak ere jakin badaki: hemen jarraitu nahiko nuke, oso gustura nagoelako eta taldeari zentzu guztietan laguntzen jarrai dezakedalako", adierazi du atezainak Onda Ceron.
"Baina erabaki hori hartzea ez dagokit niri bakarrik; Realak badu zeresana, eta edozer onartuko nuke, Realak ondotxo dakienez. Realak nire kontratua berritzea erabakiko balu, ni prest beste urtebetez berritzeko eta elkarrekin jarraitzeko. Eta gure arteko harremana amaitzea erabakiko balu, ba, nire agentearekin talde bila hasiko nintzateke, 36 urte izan arren futbolean aritzeko moduan nagoela uste baitut. Beste urtebetean, bi edo hirutan jarraitzeko moduan sentitzen naiz oraindik. Gorputzak kito esan arte", adierazi du, taldean geratzeko deseatzen dagoen Mallorcako atezain txuri-urdinak.