Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Tolosaldeko osasun-lanpostuen egoera aztertu du eta ondorio bat atera du: Osakidetzan baino makurragoa da euskararen egoera Asuncionen. Oro har, eskualdean langileen %59k dauka postuari dagokion hizkuntza gaitasuna egiaztatuta.

UEMAk iaz aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean kide dituen udalerrien osasun-zerbitzuetako lanpostuei buruzko analisia, postu bakoi-tzean ari diren langileek zer gaitasun egiaztatu duten aztertuta. Osakidetzako eta Osasunbideko lanpostuak aztertu zituen, eta ikusi postu horietako bakoitzean ari diren langileek zer hizkuntza-eskakizun daukaten egiaztatuta. Hala ere, azterketak hutsune bat izan zuen Tolosaldean; izan ere, osasun-zerbitzu publikoa ematen du Asuncion klinikak, Osakidetzarekin daukan itunaren bidez, baina ikerketa hartan ezin izan zen Asuncioneko lanpostuen egoera aztertu, zuzendaritzak ez baitzion informazio hori eman UEMAri. Eusko Legebiltzarrak egindako eskaeraren ondoren, datu horiek helarazi ditu zentroak eta azterketa osatu ahal izan da orain.

Tolosaldeko osasun-zerbitzuan denera 532 lanpostu daude: horietako gehienak, 377, Asuncion klinikari eta Belateko zentroari dagozkie (%71); Osakidetzako zerbitzukoak 155 postu dira (%29). Emaitza orokorra Tolosaldean: langileen %59k daukate postuari dagokion gaitasuna egiaztatuta.

Osakidetzari dagokionez, eskualdeko langileen %77k dute egiaztatua hizkuntza-eskakizuna. Batez bestekotik behera daude bost arlo: pediatria (%50), zuzendaritza (%70), erizain laguntzaileak eta zeladoreak (%75), teknikariak (%75) eta erizain-tza (%76). Batez bestekotik zertxobait gorago daude administrariak (%79), eta familia-medikuek daukate Osakidetzan hizkuntza-eskakizunen betetze-mailarik handiena (%86).

Asuncion klinikatik orain jasotako datuek erakutsi dute Osakidetzakoa baino egoera okerragoa: langileen %53k egiaztatua dute postuari legokiokeen hizkuntza-eskakizuna; langileen %47k, ez. Horrela, Arabako eta Bizkaiko ospitale gehienek baino ehuneko hobea du Asuncionek, baina Gipuzkoako ospitale guztiek baino apalagoa.

Informazioa xehetuta, errehabilitazio-zerbitzuak du Asuncionen euskara-gaitasuna egiaztatutako langileen ehuneko handiena (%82) eta txanponaren beste aldean daude zeladoreak, zuzendaritza eta medikuak. Medikuen kasua nabarmena da: 79 sendagile daude Asuncion klinikan, eta horietatik hamahiruk dute hizkun-tza-gaitasuna egiaztatua; gainerakoei dagokienez, lau medikuk lehen hizkuntza-eskakizuna dute lortua, eta 62k, batere ez. l