Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Ramón Larramendi esploratzaileak gidatzen duen SOS Arctic 2022 espedizioak, izotz-geruzaren gainean 30 metroko altuera eta Groenlandiako itsas mailaren gainetik 2.205 metroko garaiera duen harkaitzezko mendi bat aurkitu du, Haizezko Lera izeneko zero emisioko bere ibilgailuarekin egiten dabiltzan zeharkaldi polarrean.

Nunatak (inuiteraz, izotzez inguratutako harkaitz uhartea) izeneko tontor hori ez zen inongo mapetan agertzen, eta irlaren lur mugatik 25 kilometrora azaleratu da barne lautada handi baten erdian, klima aldaketaren ondorioz, Larramendik ohar batean azaldu duenez.

“Sekulako ustekabea izan zen, lautada espero genuen lekuan zegoelako harkaitz-tontor hori”, nabarmendu zuen Larramendik, “Artikoan klima aldaketa izugarri bizkor antzematen ari dela” azpimarratuz.

Zero emisioko ibilgailu

SOS Arctic 2022, maiatzaren 17an abiatu eta ekainaren 11n amaitu zen izotzetan. Guztira, 1.016 kilometro egin ditu, lurralde polarretara egindako hamargarren espedizio horretan, eta lehenengo aldiz zeharkatu du Groenlandia Haizezko Lerarekin mendebaldetik ekialdera. Larramendik berak diseinatutakoa da zero emisioko ibilgailu polar hori, inuitekin izandako bizikidetzatik ikasitako ezagutzan oinarrituta. 14 metro luze eta 3,5 metro zabal den ibilgailu hori lau moduluk osatzen dute (lokomotora bat, bi karga-modulu eta bizigarritasun-modulu bat; eta hortxe bidaiatu dira Lucía Hortal zientzialaria, Begoña Hernández ingurumen-aditua, Carlos Pitarch eta Marcus Tobia alpinistak, Juan Manuel Sotillos mendizale eta kazetari donostiarra eta Larramendi bera, orduko 40 kilometroko abiaduran eta 2.000 kilo inguruko materialarekin.

Garapen Jasangarriko Helburuekin eta 2030 Agendarekin lerrokatuta dagoen SOS Arctic espedizioko taldeak, bi proiektu zientifikorako jarduerak jarri ditu abian Artikoan izan diren bitartean, izotz-ordokiko mikroorganismo eta partikula bereizgarriak egotearekin zerikusia dutenak, Hortalen gidaritzapean.