- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak bi urtez behingo WILD (Workshop on Infant Language Development) kongresua antolatu du berriz bihartik hasita larunbatera arte. Orain arte egindako bost edizioetan hirugarren aldiz, Donostian -Parke Teknologikoan- izango da haurtxoen hizkuntza-garapena aztertzeko azken aurrerapenak biltzen dituen nazioarteko ekitaldia. Hiru egun horietan zehar, Europa, Ipar Amerika eta Asiako 20 herrialde inguruko 100 zientzialari aditu baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldi honetan. Bertan, bi ikerketa-eremutako berrikuntza nagusiak aurkeztuko dira: hizkuntzaren eskurapen goiztiarra eta garapen kognitiboaren ingurukoak, hain zuzen.

"Mundu osoko adituek beren ezagutza eta aurrerapen metodologiko zein teoriko berrienak hurbilduko dizkigute, haurren hizkuntza-prozesuen garapenari lotutakoak", azaldu zuen Marina Kalashnikova ikerlari eta BCBLko Haur-hizkuntza eta Kognizioa ikerketa-taldeko buruak. Horrez gain, WILDen zientzia-arlo horien azterketan egindako lan berritzailea erakusteko aukera ezin hobea dute BCBLko ikertzaileek, elebitasunari arreta berezia eskainiz. Ekitaldiaren antolatzaileek atzo azaldu zutenez, zientzialarien aurkezpenen artean azpimarratzekoak dira elebitasunak intonazio-ereduak ikasteko haurtxoek duten gaitasunean duen eraginari buruzko azterlanak: "Zentroko zientzialarien aurkezpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: elebitasunaren eragina haurtxoek doinu-ereduak ikasteko duten trebetasunean; haurtxo elebidunek bi hizkuntza prozesatzeko duten gaitasunean parte hartzen duten mekanismo neuronalak; eta entzumen-galera edota dislexia izateko arrisku genetikoaren ondorioz hizkuntzan atzerapena jasateko arriskuan dauden haurtxoen hizkuntza-garapena", azpimarratu zuten. "Gure ustean, WILD ekitaldia ingurune paregabea da gure ikerketa-lana ezagutarazi, nazioarteko beste erakunde batzuekin sinergiak eraiki eta talentua erakartzeko", gaineratu zuen BCBLko ikertzaileak.

Gainera, nabarmendu behar da BCBLk aspalditik duela bere laborategia, babyLAB, non metodo eta teknika aurreratuak baititu 3 eta 12 hilabete bitarteko haurretan giza hizkuntza garatzeko lehen urratsak aurkitzeko eta 36 hilabete arteko haurren ezagutza sintaktikoa eta lexikoa ikertzeko. Saioa zabalik dago gurasoen lankidetzara. Gurasoak harremanetan jar daitezke baby@bcbl.eu posta elektronikoaren bidez, haurrek ikasketetan parte har dezaten.

Bestalde, WILDen edizio berriak hizkuntzaren garapen goiztiarra aztertuko duten entzute handiko nazioarteko hizlariak izango ditu. Programan parte hartuko duten adituen artean, aipatzekoa da bihar Catherine Tamis LeMonda New Yorkeko Unibertsitateko irakaslearen parte-hartzea. Bertan, "haurtxoak, entzuten dituzten hizkuntzak eskuratzeko, beren inguruneko alderdi fisiko eta sozialez nola baliatzen diren azalduko da", azpimarratu zuten. Era berean, ostiralean Cambridgeko Unibertsitateko Usha Goswami irakasleak proposamen teoriko berria aurkeztuko du "haurtxoen garunak soinu-seinale konplexua nola deskodetu eta prozesatu eta hizkuntza-esanahiak nola erauzi ditzakeen azaltzeko", gaineratu zuten bertako antolatzailee.

Eta, azkenik, larunbatean Oxfordeko Unibertsitateko Kim Plunkett irakaslearen txanda izango da "haurtxoek beren hiztegia nola eraikitzen duten aztertzeko. Hiztegi hori oso lotuta dago haurtxoek berriki ikasitako hitz eta esanahiak eta aldez aurretik ezagutu eta hiztegian gordetako hitzekin erlazionatzeko duten trebetasunarekin". WILD ekitaldiaren programa osoa kongresuko webgunean dago eskuragarri.

Kongresuari buruz WLD

kongresuari buruz, "WILD ekitaldia 2013an abiatu zen BCBLn, hizkuntzaren eskurapen goiztiarra eta garapen kognitiboaren ikerketaren inguruko azken aurrerapenen berri emateko foro europarra sortzeko helburuarekin. Nazioarteko kongresu bilakatuta, bi urtean behin egiten da Donostian, eta Estokolmo (Suedia) edo Potsdam (Alemania) bezalako hirietatik ere igaro da", jakinarazi zutenez. Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Xehetasunez

l Jardunaldia. Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak bi urtez behingo WILD (Workshop on Infant Language Development) kongresua antolatu du berriz bihartik hasita larunbatera arte. Orain arte egindako bost edizioetan hirugarren aldiz, Donostian -Parke Teknologikoan- izango da haurtxoen hizkuntza-garapena aztertzeko azken aurrerapenak biltzen dituen nazioarteko ekitaldia. Hiru egun horietan zehar, Europa, Ipar Amerika eta Asiako 20 herrialde inguruko 100 zientzialari aditu baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldi honetan. Bertan, bi ikerketa-eremutako berrikuntza nagusiak aurkeztuko dira: hizkuntzaren eskurapen goiztiarra eta garapen kognitiboaren ingurukoak, hain zuzen.

  • Esaldia. "Zentroko zientzialarien aurkezpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: elebitasunaren eragina haurtxoek doinu-ereduak ikasteko duten trebetasunean; haurtxo elebidunek bi hizkuntza prozesatzeko duten gaitasunean parte hartzen duten mekanismo neuronalak; eta entzumen-galera edota dislexia izateko arrisku genetikoaren ondorioz hizkuntzan atzerapena jasateko arriskuan dauden haurtxoen hizkuntza-garapena", azpimarratu zuten. "Gure ustean, WILD ekitaldia ingurune paregabea da gure ikerketa-lana ezagutarazi, nazioarteko beste erakunde batzuekin sinergiak eraiki eta talentua erakartzeko".