Saretzean zein auzolanean jarri nahi du azpimarra aurten Kilometroak festak. Horretarako, milimetroak ekimena jarri du abian eta honen berri eman du gaur Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak.

Kilometroak Kultur Elkarteko kidea den Nekane Artolak jakinarazi duenez, ekimen berri hau apirilarean 26ean eta maiatzaren 20ean ospatuko da Oarsoaldean eta Tolosaldean, hurrenez hurren. "Ekimenaren helburua da hainbat ekintzaren bitartez ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea, horien parte hartze erreala sustatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea kultur adierazpide desberdinen bidez, ahalik eta modu ludikoenean".

Oreretako ikastolako Anartz Muxikak eskualdeko Milimetroak apirilaren26an ospatuko dutela esan du eta herritarren eta herrien burujabetza da aukeratu duten gaia, eta kasu honetan DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute. Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta Ikastolak izango dute hitzordua antolatzeko ardura. Apirilaren 26an beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute.

Goizean lau ikastoletako 100 ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute. Oreretako plazan jarriko dute emaitza.

Tolosaldeko Milimetroak gai honen inguruan egingo dute: naziotasuna aurrez-aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Gaia hori izanda eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituzte eta keinu egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats). LH6 ikasleen arteko topaketak egingo dituzte online eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre, Ibarran bertan.

"Datozen urteetan eskualde gehiagoetara heltzea da gure asmoa, pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin", gehitu du Artolak.

Aurten Ibarrako Uzturpe ikastolak du Kilometroak antolatzeko ardura 'Irribarra' lelopean. Urriaren 2an ospatuko da festa urtean zehar izandako egitarau oparoaren ondoren.