Bi aste falta dira Korrikaren hasierarako

18.03.2022 | 00:51
Korrikaren 22. edizioaren lehenengo aurkezpen soziala ospatu zen atzo, Nafarroako Antzerki Eskolan.

iruñea – AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du 22. Korrikak 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, HitzEkin lemapean, izan ere, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea da", antolatzaileek argitu moduan. Hala gogoratu zuten atzo Iruñean ospatu zen Korrikaren ekimenaren lehenengo aurkezpen sozialean: "Furgonetak prest daude, hasiera eta bukaera ekitaldietako egitarauak zabaltzeko prest... Korrika hastea baino ez da falta". Hala, mezua herriz herri eta auzoz auzo eramanen duen lekukoa Amurriotik abiatuko da Donostiara ailegatzeko.

Korrikaren spotarekin ekin zion atzoko ekitaldiak arratsaldeko 19.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Laura Villanuevak aurkeztuta. Ikasle batek eta irakasle batek osatutako bikoteak hartu zuen lekukoa gero, eta AEKren bizidekarrean aritu ziren Korrikak beste edizioetan ekarri dizkien bizipen eta sentimenduen haritik tiraka. Aitziber Balantzategi artezkaritzakideak Korrikaren helburu nagusiak bizirik dirautela gogoratu zuen: "Euskararen aldeko kontzientzia susper-tzea eta AEKren eguneroko jardunerako dirua biltzea".

Aurtengo abestiaren bideoklipa ikusi zuten gonbidatuek eta bertan egon ziren ere aurtengo abestiaren sortzaileetako batzuk, Nerea Urbizu, Sustrai Kolina eta Eymard Uberetagoena tartean. Asier Amondo 22. Korrikaren arduradunak egin zuen ekitaldiko bigarren hi-tzartzea. Gogoa eta ilusioa aipatu zituen, eta horren adibidetzat jarri zuen Korrika Laguntzailearen figurak 9.000 kide baino gehiagoren babesa jaso duela, eta 11.000 gainditzea ere espero dela. "Herri bat zain dago, Korrikarekin maiteminduta dagoen herri bat, euskararen gogoa lau haizetara zabaldu nahi duena", erantsi zuen.

Ordezkaritza zabala Korrikaren 22. edizioa babesteko Ekitaldira bertaratu zirenen artean ez ziren faltatu nafar erakundeetako ordezkariak, eragileak eta euskalgintzaren alorreko aurpegi ezagunak, tartean Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako kontseilaria; Unai Uhalde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Andres Iñigo euskaltzaina; eta Mikel Aranburu, Nafarroako Eusko Ikaskuntzako lehendakariordea. Alderdi politikoetako hainbat parlamentari ere bildu ziren bertan, besteak beste Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Jabi Arakama (Geroa Bai).

Iruñeko Udaletik, EH Bilduko Garbiñe Bueno, Endika Alonso eta Maider Beloki, eta Geroa Baiko Patxi Leuza zinegotziak bertaratu ziren ekitaldira, eta ez zuten huts egin hainbat sindikatutako ordezkariek ere, hala nola Imanol Karrera eta Txane Senar (LAB), Xabier Barber (ESK), Izai Bujanda (ELA) edo Eider Larripa (Steilas). Ekimenaren alderdi soziala aldarrikatzea helburu izan zuen aurkezpenarekin bat egin zuten, halaber, talde ugaritako ordezkariek, Kontseilua (Paul Bilbao), Sortzen (Marta Diez eta Aitziber Garmendia), Behatokia (Agurne Gaubeka), Nafarroako Ikastolen Elkartea (Josu Reparaz) eta Euskal Herrian Euskaraz (Urko Aierbe) tartean. Antsoaingo Udalak, Sakanako Mankomunitateak, Atarrabiako Udalak eta Barañaingo Udalak ere euren babesa eskaini zioten atzokoan Korrikari, ekitaldira bertaratuz, eta bestelako elkarte eta hedabide batzuetako ordezkariak ere agertu ziren, hala nola Gara, Euskalerria Irratia, Etxerat, Peñen Federazioa eta AHT Gelditu elkarteak.

noticias de noticiasdegipuzkoa