Gipuzkoako zenbait udalerrietan Santa Agedako koplak berriro entzun ahalko dira gaur, oraindik ere garai batekoak ez diren kaleak alaituz. Aurten jende asko irtengo da kantari, aurreko urtetan pandemiaren ondorioz bertan behera geratu eta gero. Oñatin, Pake Leku Jubilatuen Etxeko Aloña abesbatzak beteko du musikaz gaurko gaua; An-tzuolan, berriz, abesbatzak arratsaldean irtengo dira. Bergarako Angiozar auzoan ere izango da koplak entzuteko aukerarik.

Santa Agedako doinuak entzuteko ilusioz daude Arrasaten ere. Aurten, ordea, bertsio murritzagoa antolatu dute, landa-auzoetan, hiri-eremuan eta enpresetan banatuta ibiltzen ziren ohiko bi taldeak ez baitira izango. Hi-tzordua bakarra izango da, 14.00etan, bi taldeak elkartu ohi ziren Udaletxe aurrean, eta 20.00etan Herriko Plazan. Bezperan irten ordez egun berean irteteko ohitura duten Mendaron, eta Zestoan ez da aurten Santa Agedako musikarik faltako. Elgoibarren eta Mantxinbentan, berriz, bertan behera utzi dituzte.

Abesbatzen ahots dotoreak berreskuratzea erabaki duten udalerrien artean dago Errenteria ere, gaur 17.30ean. Lasarte-Orian bi talde ibiliko dira: Zabaleta Auzolan, 18.00etatik aurrera izen bereko auzoko kaleak zeharkatuz; eta Erketz EDT, Oriamendin 18:30ean abian jarri eta Urnieta Bideko baserriak bisitatuko dituena.

Alegian, Txintxarri Abesbatza ibiliko da herriko kaleetan 18:00etatik aurrera, eta Altzon berriz, abesbatzako eta Bertso Eskolako partaideak 17.00etan abiatuko dira Altzo Azpitik, inguruko baserriak bisitatu eta herrigunera itzuliz.

Ibarrako taldeak 18.30ean ezarri du hitzordua plazan, gero, 19.00etan, Izaskun jatetxeko aparkalekutik irteteko. Aurtengoan, koblakarien ahotsez gain, Haritz Mujika eta Ane Zubia bertsolariak ere arituko dira kantuan. Zizurkilen goiztiar samar ibiliko dira, koplak 12.00etatik aurrera gozatu ahal izango baitira, Otaño ikastetxeko ikasleen ahotsean.