Herri Urrats 2022: Senperen ospatuko da maiatzaren 8an, 39. edizioa izanik

Zetak taldeak konposatuko du festa honen soinu-banda izango den abestia

25.01.2022 | 12:34
Kanbon aurkeztu du gaur goizean Seaskak aurtengo Herri Urrats.

Martxan da jada aurtengo Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen festaren antolaketa. 2022 urteko edizioa 39.a izango da eta Senpereko lakua izango du berriro ere topaleku datorren maiatzaren 8an, azken bi urtetako ospakizunak pandemiak aldarazi ostean.

Seaskak, Iparraldeko ikastolen elkartea denak, gaur goizean aurkeztu du Herri Urrats 2022 Kanbon, Itzulera lelopean. Berau betiko festa modura bueltatzeari egindako erreferentzia da. Izan ere, 2020an Gaki Ge edizioa etxean ospatu behar izan zen, konfinamenduaren azken egunean gertatzekoa baitzen; 2021an, berriz, Boga edizioa zatikatu egin behar izan zuten eta ikastola bakoitzak bere festa txikia antolatu zuen. Oraingo honetan baina, 1984az geroztik ezarritako tradizioa bueltan da eta Senpereko lakuan izango da elkartzea.

Aurtengo logoak, berriz, zapata bat du nagusi, 1987an eta 2003an irudi gisa erabilitako oinetako bera, aldaketak jasan izan baditu ere diseinu aldetik. Lema eta logoa aukeratzeko, Herri Urrats elkarteak lehiaketa bat antolatu zuen eta, 235 proposamen jaso ostean, Amaia Ampo, Manex Erdozaintzi Etxart ikastolako ikaslearen sormenak aukeratu zituen.

Iparraldeko ikastolen festa honen helburu nagusia "euskara, gure kultura eta hizkuntza" ospatzea bada ere, bertan ateratako etekin ekonomikoa lagungarria zaio oso Seaskari. Oraingo honetan, irabaziak ikastola berri bat eraikitzera bideratuko dira; prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, "Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa tipi gelditu zaigu" eta, ondorioz, Senpereko herriko etxeak eskainitako lur eremuan, lakuaren ondoan, Seaskako 5. Kolegioa deritzotena egingo dute. Euren xedea 2023ko irailerako amaituta izatea da; "proiektuaren lanean burubelarri ari gara", diote Iparraldeko ikastolen elkartekoek. Hasieran batean 250 ikasle izateko pentsatua badago ere, 300 arte hedatzeko aukera izan lezake.

Festa hauen beste alderdi garrantzitsu bat abestia izan ohi da. 2022ko edizioan Zetak taldeak jarriko dio erritmoa ospakizunari; udaberrian ezagutaraziko da Pello Reparaz buru duten musikariek konposatutako melodia, Herri Urratsen soinu-banda bihurtuko dena.

Hala ere, maiatzaren 8a iritsi aurretik eta "giroa berotzeko", antolatzaileen esanetan, hainbat ekintza daude aurreikusita aurtengo Herri Urratsen inguruan. Alde batetik, salmentan da dagoeneko Iparraldeko festa oinarri duen jantzien kolekzioa. "Kalitatekoa" eta "etikoa" diren produktuak ditu oinarri, Seaskaren Irudia eta Herri Urrats izena diseinuaren parte direlarik.

Bestalde, bi ekimen kulturalen babesa edota laguntza ere jaso dute. Hasteko, otsailaren 3an, Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinegelan Go!azen, ETB1eko telesail musikalaren zortzigarren denboraldiko azkeneko atalaren aurre difusioa ikuskatzeko aukera izango da arratsaldeko 18.30etan, aktoreak ere bertan izango direlarik. Martxoaren 13an, berriz, Euskal Herriko bertso txapelketa nagusietako finalistez osaturiko saioa izango da Senpereko Larreko gelan, arratsaldeko 16.00etan. Txapelketa bakoitzetik bi finalista gerturatuko dira, parte-hartzaileak Miren Artetxe, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Eneko Lazkoz, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria Izango direlarik. Bi emanaldietako sarrerak www.herriurrats.eus gunean izango dira salgai.

Azkenik, eta urtero ohikoa den moduan, zozketa bat antolatuko da. Maiatzaren 8an bertan, festaren egunean, guraso eta ikasleek tiketak salduko dituzte; sei sari nagusi dira zozketagai, hala nola, Eroskik oparituriko bidai bat, Nekaturrek erregalatutako egonaldi bat, gau bat Arbe hotelean, bi otordu Zuberoa jatetxean, Idokiren jakiz osaturiko saski bat eta Evi Nautikaren ikastaro bat. Horrez gain, 38 sari gehituko dira, ikastola bakoitzak bat gehitzen duelarik. Zozketa maiatzaren 19an jazoko da, goizeko 07.45etan, Euskal Irratietan zuzenean.

Ikasleak, gurasoak, irakasleak eta gainerako antolatzaileak Herri Urrats pentsatu bezala ospatzeko ilusioa badute ere, elkartea "lanean ari da, hipotesia ezberdinak aztertzen" eta maiatzaren 8an "baimendu izanen denaren arabera" gertatuko da Iparraldeko ikastolen aldeko festa.

noticias de noticiasdegipuzkoa