- Adineko pertsonei iruzur eginez banku-txartelak lapurtzea egotzita, Donostiako Udaltzaingoak Los Marselleses izeneko klan frantziarreko ustezko hiru kide atxilotu zituen larunbatean. Txartel horiekin, diru kopuru handiak atera eta erosketak egiten zituzten gero. Udaletik jakinarazi dutenez, atxilotuak asteburuetan etortzen ziren Gipuzkoako hiriburura, eta banketxe zenbaiten inguruetan zelatan egoten ziren, nagusiki adineko pertsonak izaten ziren biktimak aukeratu zain.

Pertsona horiek dirua ateratzera zihoazenean, haien atzean jarri eta teklatuan markatzen zuten kodea ikusten zuten; segidan, ondo prestaturiko distrakzio maniobra batekin, txartela lapurtzen zieten, kutxazain automatikoak irentsi zuela sinetsaraziz. Behin txartela eta pasahitza zituztela, berehala joaten ziren inguruko kutxazainetara, baimendutako mugarainoko dirua ateratzera.

Jarraian, erosketak ere egiten zituzten Donostiako hainbat establezimendutan, mugatik gertuko beste denda batzuetan, baita Fran-tziako saltokietan ere, kasu batzuetan diru kopuru handiak xahutuz. Gertakariak asteburuetan gerta-tzen zirenez, eta biktimek euren txartelak kutxazainetan atxikita geratu zirela pentsatzen zutenez, ustezko lapurrek egun pare bat izaten zituzten, dirua atera eta iruzurrezko erosketak egiteko, harik eta astelehenean baliogabetu arte; orduan joaten baitziren kaltetuak banku-sukurtsaletara, eta han jakiten zuten lapurretaren berri.

Talde horretako hiru kide atxilotu ondoren egiaztatu ahal izan zuten agenteek, Alemaniako agintari judizialek euroagindu bat zabaldua zutela hiru horietako bat atxilotzeko, herrialde hartan antzeko ekintzak egiteagatik.

Atxilotuak 23 urteko M.H., 44 urteko F.A. eta 49 urteko M.A.Z. dira, eta hirurak Marseillan jaio eta bizi dira. Lapurreta eta iruzur delitu jarraitua leporatu zaie.

Aipatutako iturrien arabera, adineko pertsona ugarik Donostian egindako "etengabeko salaketak" zirela eta, Udaltzaingoak egindako ikerketen emaitza izan dira operazio horretako atxiloketak.

Agenteek egiaztatu zuten Alemaniako agintari judizialek euroagindu bat jarri zutela klaneko kide horietako bat atxilotzeko