Euskaldun zaharrez gain, euskaldun berriei esker ere ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna eta euskaltegiek zeresan handia dute horretan, bertan elkartzen baitira egunero-egunero hizkuntza ikasi nahi duten milaka ikasle. Egunkari honek festa giroan aurkitu ditu Donostiako Antigua auzoko AEK euskaltegira joaten diren gizon-emakumeak.

Joseba Adrada: "Pentsatu dut une egokia dela euskara ikasteko"

Horietako bat Joseba Adrada da, 61 urte ditu eta bilbotarra da izatez, baina Antiguan bizi da orain. Hiru urte daramatza euskaltegian euskara ikasten eta B1 mailan dago. "Ni Madrilen bizi nintzen eta Donostiara etorri ginenean euskara ikasi behar nuela erabaki nuen. Asko gustatzen zait euskara eta beti izan dut inguruan, baina nire familiak galdu egin zuen eta orain denbora daukadanez, pentsatu dut une egokia dela hizkuntza ikasteko", azaldu du Adradak. "Gainera, Alzheimerra eta horrelako gaixotasunak saihesten laguntzeko ona dela esaten dute", gehitu du irribarre batekin.

Adradak egunerokotasunean euskaraz hitz egin nahi du, izan ere, azaldu duenez, bere lagunek gaztelaniaz egiten baitute bera aurrean dagoenean uler dezan. "Baina nik ez dut hori horrela izaterik nahi eta guztiok euskaraz egitea gustatuko litzaidake", nabarmendu du.

Azaldu duenez, euskaltegia gertu dago, irakasleek asko dakite eta "merkea" da, beraz, ez du ulertzen zergatik "pertsona batzuk ez duten euskara ikasi nahi". "Niri poztasun handia ematen dit euskarazko esaldiak ulertzeak eta hitz berriak ikasteak. Niretzat oso interesgarria da, eta beraz, hizkuntza ikastearen prozesu osoa gustatzen zait", azpimarratu du Adradak.

Horregatik, ez omen du euskaraz hitz egiteko aukera bat bera ere galtzen kalean. Mintzapraktika egiteko ere astero geratzen da lagun-talde batekin, ostiraletan, 19.30ean, Matia kaleko Antzara tabernan. Iaz euskaltegian zebilen lagun batek jarri omen zuen martxan ekimena. "Ingeniaria da eta euskarazko C1 agiria atera nahi duenez, pentsatu zuen zerbait egin behar zuela. Beraz, Meetup plataforman mezu bat jarri zuen mintzapraktikak antolatzeko eta jendea animatzeko. Ni animatu egin nintzen eta oso aberasgarria iruditzen zait, lagun asko egiten baitituzu bertan. Gainera, beti etortzen dira euskaldun zaharrak diren pertsona bat edo bi laguntzeko", azaldu du.

Denbora gutxi doaz oraindik lau saio bakarrik egin dituztelako, baina pentsatu dute jende gehiago animatzen bada taberna batetik bestera mugitzen joango direla kalean zehar ere mintzapraktika egiteko.

Horrez gain, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kidea da eta astero ordubetez hitz egiteko elkartzen dira. "Gainera, Mintzaneten bidez emakume batekin Skype bidez beste ordubetez hitz egiten dut astelehenero. Mintzaneten sei urte daramatzat eta txantxetan esaten diot emakume horri nire psikologoa dela, astero egiten dudan guztia kontatzen diodalako eta berak niri ere bai", adierazi du.

Euskara ikastea pentsatzen ari diren pertsonak pausoa ematera animatu ditu azkenik. "Norbaitek esan zuen behin hizkuntzak pentsamendua determinatzen duela. Euskara desberdina da eta horren bidez gauzak pentsatzeko beste modu bat lortzen dugu. Uste dut pena bat dela jendeak euskaraz ez egitea", azpimarratu du.

Paula Berasain: "Euskarak batu egiten gaitu"

Paula Berasain argentinarra ere Antiguako euskaltegian ari da euskara ikasten. 28 urte ditu eta Donostian bizi da gaur egun. "Argentinan hasi nintzen euskara ikasten eta bi urte eman nituen horretan La Platako unibertsitatean Etxepare Institutuarekin. Baina ni Chascomúsekoa naiz eta bertako Euskal Etxeko kidea ere banaiz", azaldu du Berasainek.

Bi hilabete daramatza euskaltegian eta A2 mailan dago. "Nik euskara asko maite dut eta horregatik hasi nintzen Argentinan euskara ikasten. Orain nire mutil-lagunarekin, bere familiarekin eta nire lagunekin hitz egiteko oso baliagarria zait. Oraindik ezin dut euskaraz elkarrizketa luze bat izan beraiekin, baina hori da nire helburua", nabarmendu du.

Euskaltegiko klaseetan gramatika, hiztegia, kultura orokorra eta denetarik ikasten du, eta liburu bat irakurtzen ere ari dira une honetan. "Niri euskara ikasteaz gehien gustatzen zaidana da euskaltegiko etxeko lanak nire mutil-lagunarekin egiten ditudala eta momentu horrek batu egiten gaituela. Berak euskaraz hitz egiten du beti, nirekin izan ezik, eta gustatzen zait euskarazko hitzen esanahia edo nire zalantzak argitzen dizkidanean", adierazi du.

Gainera, ikasitakoa praktikan jartzen ere saiatzen da Berasain. "Kalean euskaraz pixka bat hitz egiten dut, saiatzen naiz behintzat, eta lanean nagoenean telefonoz deitzen badute eta euskaraz hitz egiten badute, saiatzen naiz konbertsazioa euskaraz jarraitzen", azpimarratu du.

Berak ere euskara ikasteko deia egin die horretan pentsatzen ari diren guztiei. "Euskara ikastea pentsatzen ari den pertsona horri esango nioke mundura zabaltzeko beste modu bat dela hizkuntza jakitea. Nik Argentinan ikasi nuen, beraz, argi dago ikasi nahi baduzu oso erraza dela, baita beste kontinente batean ere", nabarmendu du.

Elena Bernechea: "Euskaraz gehiago hitz egin nahiko nuke"

Elena Bernecheak 22 urte ditu. Nafarroako Viana herrikoa da, baina Donostian ikasten duenez, bertan pasatzen du astea. Magisteritza ikasi du eta C1 agiria behar duenez, ikastaro intentsiboa egiten ari da Antiguako euskaltegian. "Ni txikitatik Vianako ikastolan hasi nintzen euskara ikasten eta orain arte beti ikasi izan dut euskaraz. Orain C1 agiria ateratzeko ikastaro intentsiboa egiten ari naiz euskaltegian eta pozik nago klaseekin", azaldu du Bernecheak.

Idazlanak landu behar ditu gehienbat, eta horretan laguntzen dio Xabi irakasleak. "Batez ere entzumenak, irakurmenak eta idazlanak egiten ditugu. Azken finean, zailtasun handiena duena idazlana da, beraz, astero Xabik gaiak ematen dizkigu idazlan bat egiteko eta berari entregatzeko. Jarraian, Xabirekin egiten ditugun bakarkako klaseetan zuzenketak egiten dizkigu eta oso baliagarriak egiten zaizkit euskaraz ondo idazten ikasteko", adierazi du.

Vianan euskaraz nahi baino gutxiago egiten duela ere azaldu du. "Euskaraz gehiago hitz egin nahiko nuke, izan ere, nire herrian gustatuko litzaidakeena baino gutxiago hitz egiten da. Ogia erostera edo kafe bat eska-tzera joaterakoan, adibidez, gustatuko litzaidake saltzaileak euskaraz erantzungo balit. Baina Donostian nire pisukideek euskaraz dakitenez, haiekin euskaraz hitz egiten dut", azpimarratu du Bernecheak.