- Euskadin ekoizpen berriztagarria bultzatzeko laguntza berriak gaur sartuko dira indarrean, oinarri orokorrak hilaren 1ean argitaratu ondoren. 2023 amaitu bitartean 37 milioi euro baino gehiago kudeatuko dira autokontsumorako aprobetxamendu berriztagarriak ezartzeko, eta beroa lortzeko iturri berriztagarriak biltegiratzeko zein instalatzeko, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) jakinarazi duenez.

Laguntza horien barruan sartuko dira iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoa, hala nola 5 MW-eko potentzia maximoa duten eguzki-kontsumo fotovoltaikoa eta minieolikoa, baita sortutako energia biltegiratzeko sistemak ezartzea ere. Horri esker, “energia ekoizteko orduak, energia hori kontsumitu behar den orduekin doitzea ahalbidetuko da”.

Gainera, egitasmo berriak ustiapen berriztagarri ez-elektrikoetarako epigrafe espezifiko bat ere ezartzen du, alegia, beroa iturri berriztagarrien bidez sortzea; besteak beste, biomasa, eguzki-energia termikoa, geotermia eta aerotermia.

EEEtik azaldu dutenez, “diruz lagundutako teknologia horiek guztiek, esate baterako, etxebizi-tza bateko behar elektrikoak hornitu ditzakete, bai eta bertan erabilitako ur beroa eta berogailuak ere”.

Arduradunek azpimarratu zutenez, laguntza-programa “oso zabala da, eta hainbat teknologia eta sektore biltzen ditu. Sei pizgarri-programatan banatuta dago, diruz lagundutako modalitatea edo teknologia eta xede duen sektorea konbinatuz”.