- Hartu Arnasa izango da Kultura eta Kiroletako foru departamentuak sortu duen kanpainaren leloa, eta abian jartzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera bultzatu duten ikerketa baten emaitza hartu dute kontuan. Azterlan horren arabera, gure lurraldeko emakumeen %32 ez-aktibotzat identifikatzen omen dira.

Astean kirola egiten 150 minutu baino gutxiago ematen dituztela esan nahi du horrek. Foru erakundeak egoera hori irauli nahi du, emakumeen artean "jarduera fisikoarekiko jarrera-aldaketak eraginez".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, emakumeak gizonak baino zailtasun gehiago ditu kirola egiteko, eta "genero-arrakala" horri aurre egiteko, Emakumeok Mugimenduan kanpaina jarri du abian.

Goizane Álvarez Kiroletako foru zuzendariak atzo prentsaurrekoan esan zuenez, "kirolari eta jarduera fisikoari dagokionez ere, bada oraindik konpondu ez dugun genero-arrakala".

"Askotan ukatzen diguten espazioa ere bada, edo iristea zaila egiten zaiguna. Jarduera fisikoarekiko aktibazioa eta portaera-aldaketa bultzatuko duten ingurune berriak sortuko ditugu", adierazi zuen.

Atal berri bat sortu da Gipuzkoa Kirolen webgunean, gipuzkoa.eus-en barruan, Kirolen atalean Emakumeok Mugimenduak deituriko sekzioa. Bertan, "hainbat baliabide" izango dira eskuragarri: kirola egitea errazteko aukerak azalduko dituzten orientazio-zerbitzuak, bai eta kirol-instalazioei buruzko informazioa ere.

Gipuzkoako hainbat emakumek jarduera fisikoarekin izandako esperientziari buruzko istorioak ere ikus ahal izango dira.

"Kanpaina honekin eta antolatuko ditugun ekintzekin, mugitzen hasiko diren, beraien espazioa aldarrikatzen duten eta beste hainbat emakumeren inspirazio iturri izango diren emakumeen istorioekin bete nahi ditugu sare sozialak eta gure lurraldeko bazter guztiak", nabarmendu zuen Kiroletako zuzendariak.

Webgunean bertan, urtarrilaren 1ean abian jarriko den Munduari bira eman nahi diogu elkarrekin izeneko "erronka digital"-ari buruzko informazioa ere egongo da.

Izena eman nahi duten emakumeek epea zabalik dute atzotik hasi eta abenduaren 30era arte. Parte hartzeko, norberaren jarduera fisiko osoaren datuak igo beharko dira app-era.

Erronkak solidarioak izango dira, emakumeen alde lan egiten duten erakundeei kilometroak gehituz; horien artean, gero, Aldundiak 15.000 euro banatuko ditu.