- Garuneko paralisia duten pertsonen arretan murgildurik ospatuko du Aspace Gipuzkoak bere 50. urteurrena, Elkarrekin gai + gara lelopean urte osoan zehar luzatuko den kanpaina martxan jarriz.

Maite Peña Gizarte politiketako diputatuak eta Elisa Carmona Aspace Gipuzkoako presidenteak urriaren 4an Tabakaleran egingo den ekitaldi batekin hasiko den kanpaina atzo aurkeztu zuten Donostian. Pandemiak Aspaceren 50. urtebetetzea ere mugatu egin du, noski, eta horrexegatik, 2021eko urritik 2022ko urrira bitartean Gipuzkoako hainbat herritan ekitaldiak antolatzeko erabakia hartu dute.

Elkarteak mende erdi honetan egindako lan handia biziki eskertu zuen Peñak. "Gaur egun, Gipuzkoan, bertako babes, zain-tza eta politika sozialen eredu propioa daukagu, Aspace bezalako erakundeei esker", azpimarratu zuen.

Elisa Carmonak, bere aldetik, orain 50 urte elkartea sortzeko ahalegina egin zuten familiak gogoratu nahi izan zituen, gaur egungo errealitatea haiei guztiei zor zaielako.

Aspacek eraldaketa handia izan du ibilbide luze horretan, beti ere, garuneko paralisia duten pertsonak eta haien familiak eguneroko jardueraren erdigunean mantenduz.

Hirugarren sektoreko elkarte horrek garun-paralisia duten 472 pertsonari eskaintzen die arreta, eta horretarako 340 profesional eta 126 boluntario kudeatzen ditu.

Eskaintzen duen arreta hori gure lurraldeko hainbat kokagunetara zabaldu ahal izateko, Aspacek hamabost zentro ditu Gipuzkoako hamaika udalerritan.