Urriaren 9tik 11ra bitartean Donostian egingo diren jardunaldietan, argazkigintzako, literaturako eta hezkuntzako pertsona ezagunek, Miguel Illescas eta Olga Alexandrova Nazioarteko Maisu Handiak bezalako xakelariekin batera, diziplina horien arteko topaguneak jorratuko dituzte. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Eureka! Zientzia Museoak antolatutako Zientzia eta Xakea: konexio infinituak topaketan, besteak beste, joko honen eta azken belaunaldiko roboten, alzheimerraren eta neutrinoen artean dagoen erlazioari erantzuten saiatuko dira, baita literaturak edo argazkigintzak xakeari buruz zer irakatsi dezaketen aztertzen ere.

Eureka! Zientzia Museoan egingo diren jardunaldiak Miguel Illescasen hitzaldiarekin abiatuko dira; zortzi aldiz Espainiako txapeldun izandako xakelari horrek, 1997an Gary Kasparov garaitu zuen Deep Blue makinaren garapenerako IBMk deitutako informatikarietako bat izan zeneko esperientzia azalduko du.

Beste xake jokalari ospetsu batek, Espainiako emakumezko txapeldun bitan izandako Olga Alexandrova Emakumezkoen Nazioarteko Maistra Handiak, 2011ko Espainiako Txapelketa absolutuan hirugarren postua lortu izanak bere ibilbidean zer eragin izan zuen azalduko du, 53 partaideren artean emakume bakarra izan zelarik. Leontxo Garcia kazetariak azalduko duenez, garunaren zahar-tzea eta alzheimerra atzeratzen lagun dezakeen tresna hezitzailea izan omen daiteke xakea. Bestalde, Paola Ferrario DIPCko Ikerbasque ikertzaileak eta xakearen munduan ikasten hasitakoak, hausnarketa egingo du neutrinoen, medikuntzaren eta xakearen artean egon daitezkeen ustekabeko loturei buruz. Diego Rasskin Valentziako Unibertsitateko biologo ikertzaileak, berriz, joko horren alderdi zientifikoena garatuko du eta Todos los Mundos, el Mundo eleberria aurkeztuko du. Jardunaldiei amaiera emateko, eta Gros Xake Taldearekin batera antolatuta, nahi dutenek, aldibereko partida saio batean parte ahal izango dute Miguel Illescasekin eta Olga Alexandrovararekin, baita Blitz Txapelketa batean ere.