Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak; Itziar Flores, Xabi Maiza eta Larraitz Garmendia Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek; eta Eider Ormazabal kantaren abeslariak euskal Ikastolen aldeko festa aurkeztu dute gaur Ordiziako Barrena Jauregian eskainitako prentsaurrekoan.

Aurtengo Kilometroak Goierrin izango dute plaza, jaioterrian. Izan ere, euskal ikastolen jai handia 1977an ospatu zen lehen aldiz, Beasain eta Lazkaoko herrietan. 2021ean, Beasaingo Andramendi, Lazakoko San Benito, eta Ordiziako Jakintza Ikastolek antolatuko dute festa, dagoeneko ate joka dagoena.

“Ospakizun erraldoietarako unerik ez dela” onartu dute eta ondorioz, “desberdina” izango da aurtengo jaia.“Ditugun baliabide guztiak erabili dira ahalik eta modu egokienean aurtengoari aurre egiteko”, adierazi du Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Bada, egun bakarreko egitaraua egin beharrean, iraila eta urrian zehar gauzatuko dira ekintzak, eta ekimen nagusia urriaren 3koa izango da.

Euskal kulturari eta euskarari tokia emateaz ez ezik, auzolana eta parte-hartzea bultzatu eta indartu nahi ditu 2021 Kilometroak. “Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa”, berri eman du Artolak.

Eta helburu hori islatzen duen leloa darama urte honetan festak: ‘Batera, bagara, bat gara’. Egoerari egokitu beharra Covid-19aren pandemiak derrigortuta, aforo mugatua izango du urriak 3ko ekitaldi gorenak.

Egoera horri erreparatuta, eta Kilometroak “guztiontzako jaia” dela kontuan izanda, antolatzaileek hiru bloketan banatu dute aurtengo festa. ‘Kilometroak bidea’ izango da abiapuntua, 1977tik gaur egun arte euskal ikastolen jaiak bizi izandako bilakaera jasotzen duen erakusketa ibiltaria. Ordiziako Barrena Jauregian egongo da ikusgai lehenengo, irailaren 13tik 17ra bitartean.

Jarraian, Beasaingo Usurbe Antzokian irailaren 20tik 24ra eta azkenik, Lazkaoko Udaletxean irailaren 27tik urriaren 1era. Bestalde, ‘Bat gea!’ Bertso saioa egingo da hiru herrietan: Lazkaon irailaren 17an, Beasainen irailaren 24an, eta Ordizian urriaren 1ean. Ekimen berezia izango da honakoa, herriko kultur eragile desberdinak uztartuko baititu: bertsolariak, musikariak eta dantzariak. Lehenengo blokea agurtzeko, etorkizuneko hezkuntza sistemaren oinarriak definitzea helburu duten foroak egingo dira hiru ikastoletan, irailaren 30ean. Ekimena Ikastolen Elkartearen ‘Bihar’ proiektuaren baitan kokatzen da.

Bigarren blokea bezperako egunari dagokio. Herri bakoitzerako ekintza bana prestatu da: Euskal joko eta kirolak Ordizian, Eneko Dorronsoro eta Fredy Pelaezen kontzertua Lazkaon, eta Haatik dantza talde garaikidearen emanaldia Beasainen.

Hirugarren blokea, urriaren 3ari dagokio, egun handiari. Haur eta gazteei zuzendutako ekimenak izango dira gehienbat. Hiru, Ordizian ospatuko dira, ekitaldi nagusia barne, eta ekintza bana Beasain eta Lazkaon. Osasun krisiarengatik, ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izen-ematea; epea zabalik dago jada.