Zumaiako Itzurun hondartzan bainua hartzea askorentzat plazer hutsa bada ere, azken aste honetan nolabaiteko errusiar erruleta bilakatu da. Dagoeneko 30-40 pertsona ingururi hozka egin dien arrain bat dabil bertako uretan eta inork zehazki zein espezietakoa den ez badaki ere, balezta arraina izan daitekeela uste dute adituek.

NOTICIAS DE GIPUZKOA Itzurunera gerturatu da gaur gertaera honen inguruko informazio gehiago biltzeko asmoz. Gorka Uranga eta Iker Martin sorosleek azaldu dutenez, lehengo astean agertu zen arraina lehenengoz hondartzan eta bost edo sei egunez aritu zen hozkadak egiten. Azken bost egunetan baina, ez omen da berriro azaldu. “Itsasgora baino 40-50 minutu lehenago, aurrenengo bi egunetan behintzat zortzi edo bederatzi pertsonari egin zien hozka eta denek jakin nahi zuten zer zegoen uretan”, adierazi du Martinek.

Batzuk hozkadaren markarekin joaten ziren sorosleei laguntza eskatzera eta beste batzuk odol pixka batekin ere bai. “Guk zauria garbitzen genien serumarekin eta listo. Azken finean zauria oso txikia da, ez da ezer. Jendea gehiago kezkatzen da momentuko sustoarengatik edo zer den ez jakiteagatik. Gainera, guk dakigula behintzat, hozkadak ez du albo-ondoriorik uzten”, azaldu du Urangak.

Nahiz eta oraindik inork ez duen arraina argi eta gabi ikusi, sorosleek hozkada mota aztertuta balezta arraina izan daitekeela ondorioztatu dute. Itzurunen horrelako espezie bat agertzen den lehen aldia da gainera. “Egia da balezta arrainak hozkada oso indartsua duela eta interneten begira aritu ostean, ikusi dugu jendeari behatz zati bat jan izan diola. Eraso egiten dute eta surfeko trajeei ere hozka egiten diete. Batek baino gehiagok esan digu hondartzan arraina hanka ukitzen nabaritu dutela eta ostika bat eman edo alde egiten hasitakoan, atzetik jarraitu eta hozka egin izan diela”, azaldu du Urangak.

Berak ere badaki arrain horrek hozka egitea zer den, berari ere tokatu baitzitzaion. “Hozka egin aurretik igarri nuen ura mugitu zitzaidala alboan. Arrainak ukitu egin ninduen, eta hanka altxatzen hasi nintzenean, atzamarka fuerte bat nabaritu nuen, baina ez zitzaidan odolik atera. Jarraian, ostika eman nion eta berriro hanka ukitu zidan. Igerian hasi nintzenean joan egin zen. Ondoren, ni uretatik atera eta berehala, neska bati egin zion hozka eta segidan beste hainbat etorri ziren sorosleongana”, adierazi du Urangak.

Ander Odriozola zumaiarrari ere egin zion hozka arrainak. “Nire kasuan marea nahiko behean zegoen, 20.15 inguru izango ziren eta soroslerik ez zegoen jada hondartzan. “Ezagun bat zegoen nire inguruan bainua hartzen eta pentsatu nuen urpean igeri eginda etorri eta hanka heldu zidala. Bat-batean atzera begiratu nuen eta konturatu nintzen pertsona hori uretatik irteten ari zela. Ostika eman nion heltzen ari zitzaidanari eta orduan egin zidan hozka. Uste dut hanka inguratzen ari zitzaidala arraina. Beste ostika bat eman nion eta ihes egiten ikusi nuen”, azaldu du Odriozolak.

Berak ikusi zuenak ordea, ez zuen balezta arrainaren itxura berbera. “Luzea zen, ez zuen balezta arrainaren antzik, nireak itsas aingira zirudien. Ez zidan min handirik egin, baina sustoa eraman nuen. Odol pixka bat bota nuen eta etxera joan nintzenean zauria garbitu nuen”, zehaztu du.

ADITUEN IRITZIA

AZTIren arabera balezta arraina izan daiteke eta iritzi berbera du Haritz Ayarza itsas zientzialariak ere. Ayarzak Itzurun zeharkatu zuen alde batetik bestera igeritan, uretan zebilena zer zen jakiteko. “Aletak eta uretako betaurrekoak hartu eta uretan sartu nintzen. Egia esan ez nuen ezer ikusi, baina zer hozkada mota den eta zein arrainek egin dezaken ikusita, bi aukeren artean nago: lehenengoa balezta arraina da, uste dut hori izango dela; edo bestela marrazo urdina izan daiteke. Kumeak atera dira hondartzetan duela hiru edo lau aste, eta baliteke marrazo txiki bat izatea”, azaldu du.

Ayarzaren arabera, balezta arraina espezie inbasorea da, berez ur tropikaletan bizi dena. Hala ere, aldaketa klimatikoaren eraginez ura berotzen ari denez, ur tropikaletatik migratu egiten dute eta gero eta gehiago ikus daitezke hemen inguruan.