Kriptomonetak batzuentzat oso erakargarriak izan daitezke. Lehenik eta behin, txanpon horiek ez dute gobernuek ez inork arautzen. Horregatik, munduko edozertarako balio dezakete eta edonon erabil daitezke. Bestalde, adituek esaten dutenaren arabera, kriptomonetak ezin dira bikoiztu, frogatutako teknika kriptografikoen konbinazio sofistikatu bati esker.

Hala ere, merkatu horrek baditu desabantailak ere; esate baterako, dirua gal daiteke bakoitzaren zorro birtualera sartzeko gako pribatua galtzen bada, eta, bestalde, oso ezegonkorrak izan ohi dira, kriptomoneten balioa eskaintzaren eta eskariaren legearen menpe baitago erabat.

Eta iruzurrak ere gogoan hartu beharrekoak dira. Ertzaintzak balizko finantza-iruzurrengatiko salaketen goranzko joera antzeman du azkenaldian, Internet bidez kriptomonetetan edota beste aktibo batzuetan inberti-tzeko aukera eskaintzen duten hainbat komunikabidetan eta sare sozialetan txertatutako publizitate-iragarkietan.

Ustezko inbertsio-enpresek burututako iruzur horietan, 250 edo 300 euro izanez gero aipaturiko finantza-produktu horietan inbertitu daitekeela zehazten da iragarkien bitartez, etekin handiak jasotzeko promesaren pean herritarrak erakartzen saiatuz. Behin inbertitu nahi duen pertsonak publizitate horrekiko interesa adierazten duenean, bere harremanetarako datuak ematen ditu, aholkulariak berarekin harremanetan jar daitezen. Ertzaintzaren arabera, bezeroaren konfiantza lortzeko asmoz, profesionaltasun eta sinesgarritasun itxura erakusten dute, beti ere, publizitatean aipatutakoa baino diru gehiago sar dezan.

Horretarako, honako tresna hauek erabiltzen dituzte: Legezkoa dirudien web-orrialde bat, non bezeroari kontu bat sortzen dioten, kontratuak egiten dituzte eta arreta pertsonalizatua eskaini... Izapide guztiak betetzen dituzte, helburu horietarako baimenduta dagoen enpresa bailitzan.

Urruneko mahaigaineko aplikazio bat instalatzeko konbentzitzen dute biktima, eta handik aurrera iruzurgileak bere gailu elektronikotik biktimarena kontrolatzeko gaitasuna izango du. Horrela, erosketa eragiketak eta ondorengo transakzioak egiten dituzte diru-zorro birtual desberdinetara, beti ere zatitutako kopuruetan, eta ia ezinezkoa izaten da diruaren jarraipena egitea.

Fase honetan, inbertitzaileak ikusi egiten du berak emandako dirua ustezko inbertsio-enpresaren webgunean sortu dioten kontuan, eta agindutako irabaziak gauzatzen ari direla sinisten du, dena fikziozkoa izan arren.

Behin biktimak bere dirua berreskuratu nahi duenean gauzatzen da iruzurra; izan ere, ustezko iruzurgileek, komisioak ordaindu behar izatea edo kontuak legeztatzeko beharra aitzakiatzat jarrita, diru gehiago eskatuko baitiote berreskuratzekotan.

Behin eskatutako kopuruak eman eta ustezko analistarekiko harremana ia desagertu arte diluitzen dela ikusi, eta agindutako deposituak jasotzen ez dituenean jabetzen da bezeroa iruzur egin diotenaz.

Ertzaintzak biziki gomendatu du, inbertitu aurretik, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren webgunean kontsultatzeko ustezko enpresa horiek inbertsio-zerbitzurik eskain-tzeko baimenik ba ote duten. Eta enpresa atzerritarra bada, ustezko enpresa erregistratuta dagoen herrialdeko pareko arautzaileari egin behar zaio galdera. Interneten oinarrizkoa den kontsulta bat egitea ere gomendatzen du: inbertsio-zerbitzuen webgunea aztertu, eta jakin, ea broker soil batena ala inbertsio-enpresa arautu batena den. Arreta handia jarri behar da letra txikian, eta batzuetan inbertsio horrek dakarren arriskuaren inguruan egiten diren ohartarazpenetan, inbertsioa galtzeko arriskua dagoela ere aipatzen baita zenbaitetan.

Behin prozesua hasita, Ertzaintzak zorrotz azaldu du ez dela gakoei eta pasahitzei buruzko informaziorik inoiz eman behar, eta ez da fidatzeko ustezko inbertitzaileak urrunetik mahaigaina kontrolatzeko aplikazioa deskargatze eskatzen badigu. Izan ere, hori egiten den une beretik, iruzurgileak gure gailu elektronikora sarbide zuzena izango baitu (ordenagailua, telefono mugikorra, etab.).

Horrelako iruzurren baten biktima izanez gero, ez da dirua berreskura-tzeko gordailu gehiagorik egin behar; banketxearekin harremanetan jarri behar da banka digitalera sartzeko gakoak aldatu edo indargabetzeko, eta azkenik, iruzurraren gaineko salaketa ipini behar da.

Ertzaintzak adierazi duenez, dirua berreskuratzeko aukerak oso eskasak dira, baina ba omen dira helburu horrekin lanean dabiltzan enpresak.

Baina erne ibili behar da beti, zeren, ohartarazi dutenez, kasu batzuetan iruzurgile berberak jarri izan omen dira biktimarekin harremanean, beste izen bat erabilita, dirua berreskuratzeko aukera eskainiz; horrek beste iruzur bat ekarri izan duelarik.