Autismoa duten pertsonentzako lehen zentroa Urola Erdian

14 plaza eskaintzen ditu bi etxebizitza komunitariotan eta beste 14rentzat eguneko arreta

22.06.2021 | 01:02
Etxebizitza eta eguneko plazak eskaintzeko egokitu den eraikinaren kanpoaldea. Argazkia: Jabi Leon

donostia. Gautena elkarte gipuzkoarrak autismoa duten pertsonentzako lehen zentroa estreinatu du Urola Erdian, Azpeitian hain zuzen ere. 14 plaza eskain-tzen ditu bi etxebizitza komunitariotan, eta beste 14rentzat eguneko arreta.Zentroa Loiolabiden dago eta Gautenak kudeatzen du. Plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta egoitza berriz, Azpeitiko Udalak utzi die.

Aldundiak atzo ohar batean jakinarazi zuenez, lehenengo zazpi lagunak atzo bertan sartu ziren instalazio berrietan bizitzera; beste zazpiak, berriz, uztailaren 5ean joango dira, mailaka, sartzeko prozesua erraztu eta ingurune berrira egokitu ahal izateko helburuarekin.

Maite Peña Gizarte politiketako diputatuak adierazi duenez, 28 plaza berri hauek, Gautenak Gipuzkoan dagoeneko kudeatzen dituen 200 plazei gehituko zaizkie; guzti horietatik 92 egoitzakoak dira, eta 136 egunekoak. Eguneko zein etxebizitzetako arretaz gain, Gautenak aisialdiko, denbora libreko, hezkuntzako, diagnostikoko, tratamenduko eta familiei laguntzeko egitasmo eskaintza zabala du.

Gautenak TEA duten pertsonen alde egiten duen lana goraipatu nahi izan zuen aldundiko ordezkariak: "Gipuzkoan erreferente dira, ospe handia dute. Ibilbide luzea egin dute jada, autismoa duten pertsonekin eta haien familiekin elkarlanean".

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea pozik agertu zen, eta Gautenaren zerbitzuak udalerrian bertan izatea "aurrerapauso garrantzitsua" dela esan zuen.

Baliabide publikoekin eskainitako zerbitzu berri horrekin nabarmen hobetuko dira herriko zein eskualdeko autismoa duten gaixoen eta beraien familien bizi-kalitatea.

"Gutziontzat behar duen Azpeitia eraikitzeko bidean, oso garrantzi-tsua da herritarrak eta behar bereziak dituzten familiak herrian artatu ahal izatea", gaineratu zuen. "Gautenan 16 lanpostu berri sortu dira, eta erdiak baino gehiago eskualdeko bertako profesionalak izango dira. Hori ere oso garrantzi-tsua da Udalarentzat ", gaineratu zuen.

Lehenengo zazpi lagunak atzo sartu ziren bizitzera, eta beste zazpiak uztailaren 5ean hasiko dira, egokitzapena errazteko

anteriorsiguiente


noticias de noticiasdegipuzkoa