Norabide berriak euskararentzat

18.06.2021 | 00:05
Hainbat pertsona Euskaraldiaren lehen edizioan zehar Donostian egin zen ekimen batean.

Euskalgintzaren Kontseiluak arlo desberdinetako 100 eragile ingururekin hitzartutako dokumentua aurkeztuko du bihar

Kursaal jauregian aurkeztu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak duela lau urte eta erdi Europako hizkuntza-komunitate gutxituek inoiz egindako ariketa handienaren emaitza: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Bihar leku berera itzuliko da Kontseilua Euskal Herri osoko arlo desberdinetako 100 eragile ingururekin adostu duen dokumentua aurkezteko.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak egunkari honi azaldu dionez, helburua "euskararen erabilera erosorako beldintzak lortzea" da eta bi ardatz landu nahi dituzte horretarako: euskararen unibertsalizazioa batetik, eta hizkuntzaren erabilera erosorako espazioak sortzea bestetik.

"Urteak daramatzagu esaten hizkuntzaren normalizazio prozesuan urratsak egin direla, baina hizkuntza-politiketan jauzi bat egin behar dela ikusten genuen. Kristalezko sabai bat genuela sentitzen genuen eta duela lau urte hasi ginen hizkuntza-politikak berrikusi beharko liratekeela pentsatzen", adierazi du Bilbaok.

Pandemiak euskara bezalako hizkuntzen "hauskortasuna" are ageriago utzi duela uste du Kontseiluak eta irailean, garai hau hizkun-tza-politiketan jauzia egiteko momentu egokia dela erabaki zuten. "Euskalgintzako eragileez gain, honi buruz beste eragile batzuekin hitz egitea ere pentsatu genuen, ea beraiek ere antzeko diagnostikoa egiten duten eta ea hizkuntza-politiketan eragiteari begira nolabaiteko adostasun bat lor genezakeen ikusteko", zehaztu du.

Kontseiluak oinarrizko dokumentu bat prestatu zuen eta abenduan askotariko eragileekin partekatzen hasi zen mintegien eta alde biko bileren bidez. Azkenean, ehundik gora ekarpen jaso zituen jatorrizko dokumentu horrek.

"Azken finean, dokumentua hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala da. Alegia, ehun eragile inguru adostasun batera iritsi dira beraien ustez hizkuntza-politiketan zer jauzi egin beharko liratekeen zehazteko. Ariketa oso indartsua egin dugula iruditzen zait eta hori da bihar irudikatuko duguna", nabarmendu du.

Euskalgintzaren Kontseilua "pozik" dago dokumentua eremu askotako eragileekin partekatu ahal izan dutelako. "Elkarte profesional desberdinak, mundu kooperatiboa, mugimendu feminista, gazte mugimendua, futbol taldeak... oso eremu desberdinetako eragileok lortu dugu adostasuna", azpimarratu du. Ba-tzuk aipatzearren, bat egin dutenen artean daude: Administrazioan Euskaraz taldea, Real Sociedad Fundazioa, Athletic Club Fundazioa, Bilgune Feminista, Elhuyar taldea, Euskal Aktoreen Batasuna, Euskal Herriko Ikastolak, Farmazialari Euskaldunen Elkartea, Gure Esku, Katxiporreta, Eusko Ikaskuntza, Tokikom-Toki Komunikabideen Bateragunea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako eta Errioxako IKA, ELA sindikatua, LAB sindikatua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

norabidea zehazten Jakina da Euskal Herriaren luze-zabalean hizkuntza-politikak desberdinak direla. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean ez dira politika berdinak egiten eta horregatik, Kontseiluak hizkuntza-politika zehatzak proposatu baino, nahiago izan du hizkun-tza-politikek izan beharko luketeen norabidea proposatzea.

"Hasiera honetan ez genuen zehaztasunera iritsi nahi, adostasun zabal bat lortu nahi genuen. Norabide-tzeen adostasun bat izatea nahi genuen, errazagoa izan zitekeelako euskalgintzatik urrunago dauden eragile horientzat hori egitea neurri zehatz batzuen inguruan adostasuna lortzea baino", zehaztu du.

Elkarrekin prestatu duten dokumentuak euskararen erabilera erosorako baldintzak lortzeko norabidearen inguruan hitz egiten du. "Asmoa dugu baita ere, irailetik aurrera eremuz eremu norabidetze horiek alor bakoitzean nola defendatu behar diren zehazteko, eta hori ere eragileekin batera egin nahi dugu", azaldu du.

Eragileen arteko adostasun honekin hasi badira ere, hau prozesu berri baten lehen mugarria izango da. Datorren urtean beraiek lortu duten adostasun sozial hori politikoa izatea gustatuko litzaieke. "Hizkuntza baten berreskurapen prozesua, prozesu soziopolitiko bat da. Herri gogo indartsu bat eta hizkuntza-politika eraginkor bat behar dira. Hikuntza-politikak ez du bakarrik lortuko, herri gogoak ere ez. Biak behar dira. Orain adostu duguna alderdi politikoen esku jarri nahi dugu honakoa esanez: guk lortu badugu, zuek ere lortu behar duzue. Orduan egingo dugu sinbiosi soziopolitikoa", nabarmendu du Bilbaok.

Momentuz, adostasuna "irekia" dela azaldu du: "Oso pozik gaude lortu dugun aniztasunarekin, baina anbizio handiagoa daukagu eta iruditzen zaigu ikuspegi sozialetik eragile gehiago etortzea lortu behar dugula. Horrela, alderdi politikoei adostasunarekin bat egiteko eskatzen diegunean trinkotasuna irudikatzen badugu, errazagoa izango da beraiek ere gurekin bat egitea".

Aurten askotariko eragileen artean lortu duten adostasun soziala datorren urtean adostasun politikoa izatea lortu nahi dute


anteriorsiguiente


noticias de noticiasdegipuzkoa