Zupiria Irunek helegitea aurkeztearen alde agertu da

Udaltzaingoaren hizkuntza eskakizuna atzera botatzea ez dela bidezkoa dio

19.05.2021 | 07:57
Irungo udaletxea

donostia – "Komenigarritzat" jo zuen atzo Bingen Zupiria Kultura sailburuak  Irungo Udalak Auzitegi Gorenean helegitea jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka. Epaiak bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingo zerbi-tzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, izan ere, euskaraz ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatu baitzuen.

Gobernu Kontseiluaren ondoren Gasteizen egindako prentsaurrekoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari buruz galdetu zioten kazetariek Zupiriari. Euskara nahitaez jakitea betekizun "diskriminatzailea" dela defendatu du Auzitegi Nagusiak, "ez baita errukitzen herritar guztiek enplegu publikoak eskura-tzeko duten eskubidea errespetatu beharrarekin".

hizkuntza politika Epaiak hizkuntza politikaren alderdi garrantzitsuak, legez onartutakoak eta alderdi, erakunde eta sindikatuen artean adostutakoak, zalantzan jartzen dituela uste du Zupiriak. "Epaiak urte hauetan zehar gure erkidegoan garatu den hizkuntza politikaren alderdi garrantzitsu bat zalantzan jartzen duela uste dugu", azpimarratu zuen.

Horregatik, eta udalen autonomia errespetatuz, Zupiriaren iritziz "komenigarria" litzateke Udalak Auzitegi Gorenean ebazpenaren aurkako helegitea jartzea, "araudia eta adostutako prozedurak ez errespetatzeagatik".

Euzkadi Buru Batzarrak ere, EAJren zuzendaritzak, bere harridura, desadostasuna eta kezka agertu zuen atzo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurrean.

Euzkadi Buru Batzarrak gogorarazi zuenez, EAEko dekretu baten arabera, Udaltzaingo lanpostuak lehentasunezkoak dira jendaurreko lanpostuak direlako, eta, beraz, funtsezkoak dira herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko orduan. Eustaten datuen arabera, 2016an Irungo biztanleen % 60,32k zekien euskaraz.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa