Urtebete beranduago Aitziber Mancisidorrek, Itziarko Gure Dendako langileak, salmenten guztiz bestelako ikuspegia eskaini du. “Normaltasunera itzuli gara, pandemia baino lehen etortzen ziren gure betiko bezeroekin jarraitzen dugu lanean”. Iazko martxoan, egunkari honek erreportaje bat egin zuen hainbat saltoki txikitako langileekin pandemiaren ondorioz salmentek nabarmen gora egin zutela azaltzeko. Garai hartan, Itziarko dendako nagusiak, Olatz Zubikaraik, aurreratu zuen: “Gero bakoitzak bere ohiturak berreskuratuko ditu”. Esan eta egin.

  • Gehiago irakurri: Olatz Zubikarai: “Lehen, ogia bakarrik erosten zuten hemen; orain, denetarik”

Itxialdiak iraun zuen denboran supermerkatu txikien “boom-a” gertatu zen. “Bi hilabete eta erdi iraun zuen, baina jendea mugitzen hasi zenean berriro ere ohiko salmentetara itzuli ginen”, azaldu du Beatriz Pinho Legorretako janari-dendako jabeak. Duela urtebete aldiz, honakoa azaldu zuen: “Hirukoiztu egin zaigu lana. Beste langile bat ere kontratatu behar izan dugu”.

Gaur egun, jende gehiena saltoki-gune handietara itzuli omen da erosketa handiak egitera eta Pinhoren iritziz, saltoki txikiak “ahanzturakoak” dira. “Jendeak erosketa handia egiterakoan ahaztu zaizkion gauzak erosten ditu gurean. Orain pandemia iritsi aurretik geunden bezala gaude, baina gorabeherak ditugu. Egun batzuetan fakturazioa altuagoa da, baina hurrengo egunean, aldiz, baxuagoa. Gure ondorioa da jendeak nahiago duela astean bitan erosketa handiagoa egin egunero erostera irtetea baino”, nabarmendu du Pinhok.

Pandemiak ez die gehiegi eragin; ez onerako eta ezta txarrerako ere. “Agian orain gazteak pixka bat gehiago hasi dira etortzen zerbait falta dutenean, baina nik ez dut aldaketa handirik sumatu”, aitortu du Mancisidorrek. Itxialdiak iraun zuen denboran, aldiz, gogor aritu behar izan zuten lanean; baita orduz kanpo ere. “Lana ondo ere ezin dugu egin, kamioiak orduz kanpo datoz, denda itxi eta lanean jarraitu behar dugu apalak bete-tzeko...”, esan zuen bere garaian Zubikaraik. “Momentu horretan lan pila bat egin genuen, baina berriro ere normal egotera igaro gara”, nabarmendu du orain bere lankideak.

Batez ere, adineko jendea da saltoki txikietako bezero nagusia, ez baitira herritik irteten erosketak egiteko. Eta egoera ekonomikoa ona dela diote; ez dira kexatzen. Hala ere, bezeroak esker onekoagoak izatea gustatuko litzaioke Pinhori: “Itxialdi garaian, buru-belarri aritu ginen gure bezeroei zerbitzatzeko lanean. Guretzat ere berria zen guztia eta egoerara ondo moldatzen ikasi behar izan genuen. Bezeroak supermerkatu handietara joaten direnean gutaz oroitzea gustatuko litzaidake; behar izan dutenean hor egon gara eta orain ere hemen jarraitzen dugu”.

Legorretan ez ezik, Asteasun ere badute denda eta handik, Alkizara, Larraulera edo Zizurkilera eramaten zituzten itxialdian zehar erosketak beharra zutenentzat, herrian bertan erosteko aukerarik ez bai-tzuten. “Orain ez dugu erosketak etxera eramaten jarraitzen, oso eskari gutxi baitaude. Hala ere, ba-tzuetan jendea konfinatuta dagoenean Asteasuko Udaletik eskatzen digute erosketa etxera eramateko eta hori noizbehinka egiten dugu”, azaldu du Pinhok.

Legorretan aldiz, pertsona boluntarioak daude lan hori egiteko eta, Udalarekin elkarlanean, dendara joan, erosi eta beraiek arduratzen dira bezeroei produktuak etxera eramateaz.

Denda txikietako bezeroetzako gertuko arretak “ez duela preziorik” aldarrikatu dute dendariek eta orain berriro nolabait itzalean geratu badira ere, bezeroak eskuzabalik hartzeko gogoa eta indarra dutela adierazi dute.