Getariako Cristóbal Balenciaga Museoaren hamargarren urteurrena ospatuko da aurten eta hori ospatzeko Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketa antolatu dute. Bi sortzaile horien -Azzedine Alaïa (1935-2007) eta Cristóbal Balenciaga (1895-1972)- ehun lan aurkezten ditu, Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren, eta Museoarentzat oso proiektu berezia da, izan ere, Balenciaga ez den beste diseinatzaile baten lanak erakusten dituen lehenengo aldia baita. Erakusketa azaroaren 1era arte egongo da ikusgai.

Olivier Saillarden zuzendaritzapean, sei erakusketa-gela hartzen ditu, Museoko 1.000 metro karratu, eta guztira 100 pieza daude ikusgai (52 Alaïarenak eta 48 Balenciagarenak) bai beira-arasetan eta baita haietatik kanpo ere. Gainera, horietako bost Museoan bertan zaharberritu dituzte. Alaïa Fundazioan orotara Balenciagaren 600 pieza inguru daude eta Alaïaren lanekin antzekotasun gehien dituztenak aukeratu dituzte Getariara ekartzeko. Batez ere, jantzi beltzak topatu daitezke emakumearen gorputza nabarmetzeko aukeratzen zuten kolore nagusia zelako; baina Balenciagaren fuksia koloreko jantziek eta Alaïaren gorri biziak bi disenatzaileen arteko desberdintasunak ere agerian uzten ditu. Bitxikeria gisa, Rihanna abeslariak abagune baterako jantzi zuen Alaïaren soineko gorri luzea jarri dute ikusgai, beira-arasa batean.

"Alaïa emakumezkoen gorputzetik hurbilago zegoen, nabarmendu egiten zuen; Balenciagak, berriz, bolumenarekin jolasten zuen, harengandik urrunduz", azaldu du Saillardek gaur goizean Cristóbal Balenciaga Museoan egin duten aurkezpenean. Tunisiarraren eta getariarraren gustuen artean desberdintasunak izanik ere, Alaïa bildumagilea izan zen eta 1968an Mademoiselle Rennéek, hainbat hamarkadatan Cristóbal Balenciagaren zerbitzura lan egin zuenak, Balenciagaren pieza sorta baten artean aukeratzera gonbidatu zuen. "Balenciaga Etxea itxi zutenean pieza kopuru handiak erosten hasi zen Alaïa; norako ezezagun batetik erreskatatu nahi izan zituen. Garrantzi berezia zuten jantziak ziren, eta haiek beren denboraz gaindi kontserbatu behar zirela uste zuen", azpimarratu du.

Bi diseinatzaileek ehunekiko zuten maitasun partekatua gasazko soinekoetan eta parpaila beltzetan iradokitzen da. Funtsezko gaiak ere irudikatu zituzten euren jantzietan, hala nola tradizioa eta floklorea; horiek irudikatzen ditu Gitane soinekoak, Azzedine Alaïaren soineko guztietan ospetsuenak, zeina Balenciagaren lanaren espainiar inspiraziotik gertu dagoen.