Talde kriminal bateko hiru emakume atxilotu dituzte

Donostiako Antigua auzoko bi etxetan lapurreta egin ondoren atzeman zituzten

14.04.2021 | 00:17
Talde kriminal bateko hiru emakume atxilotu dituzte

donostia – Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko (SICTG) agenteek talde kriminal bateko hiru emakume atxilotu zituzten ostiralean, apirilaren 9an, Donostiako Antigua auzoko bi etxetan lapurreta egin ondoren.

Ertzaintzako iturrien arabera, goizeko lehen orduan Irunen, Santiagoko pasabide inguruan, hauteman zuten haien autoa eta hurbileko jarraipena egin zioten; izan ere, ibilgailuak Schengen seinalamendu bat baitzuen indarrean, Frantziako agintariek emandakoa, etxeetan indarra erabiliz egindako lapurretekin zerikusia izan zezakeelakoan.

Bederatzi orduz ertzainek gertutik jarraitu zituzten Frantziako matrikula plakadun autoan zihoazen hiru emakumeak hainbat herritatik, besteak beste, Oriotik, Zarauztik, Getariatik, Hondarribitik eta Donostiatik ibili zirenean. Azkenean, Gipuzkoako hiriburuko Antiguo auzoan aparkatu, eta hiru emakumeak lau eraikin desberdinetan sartu zirela ikusi zuten.

Barruan ordubetez egon ondoren, azken eraikinetik "presaka" irten zirela azaldu dute Ertzaintzako iturriek, eta autoan sartzera zihoazenean, agenteek geldiarazi eta atxilotu egin zituzten. Gainera, aldez aurretik egiaztatu ahal izan zuten azken eraikin horretako laugarren solairuko bi etxetan sartu eta lapurreta egin zutela.

Ertzaintzaren arabera, jatorriz Europa ekialdeko hiru emakume dira, 31 urtetik 39 urtera bitartekoak, eta Paris inguruan errotutako talde kriminal bateko ustezko kideak. Emakumeek Frantzia hegoaldeko hotel-establezimenduak erabiltzen zituzten operazioetarako base moduan, eta noizbehinka Iparraldetik mugaren beste aldera pasatzen ziren delituak buru-tzera.

SICTG-ko agenteek lapurreta egiteko hainbat erreminta atzeman zituzten operazioan, baita gama altuko hainbat bitxi eta dirutan 27.000 euro inguru ere, gutun-azal desberdinetan ezkutatuta.

Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxeratzea agindu du hiru atxilotuentzat.

noticias de noticiasdegipuzkoa