Kontziliazioak diru-sarreretan galera ekarri die emakumeei pandemian zehar

Aldundiaren ikerketa baten arabera, covid-19a oztopo izan da enpresetako berdintasun-planetarako

08.04.2021 | 01:04
Telelana zaintzarekin lotzeko arriskuaz ohartarazi du Aldundiak. Argazkia: N.G.

donostia – 2020an emakumeek aukeratutako kontziliazio-neurriek diru-sarrerak galtzea ekarri dute, eta gizonek, berriz, ordutegien malgutasunera jo dute, iaz Gipuzkoako enpresen %28k kontziliazio-neurriak lehen aldiz hartu zituztela azaltzen duen ikerketaren arabera.

Pandemiak Gipuzkoako enpresetan izan duen eragina ezagutzeko azterketa Foru Aldundiak azaroan egin zuen, 16.767 pertsona enplegatzen dituzten 460 enpresa adierazgarriren artean.

2020an zehar, enpresek batez ere denbora malgutzeko aukerak aktibatu dituzte, esate baterako, ordutegi ez hain zurrunak (%14,3), bazkaltzeko tartea murriztea (%8,9) eta lanaldi konprimituak (%5,7). Aukera horietan, onuradunen %64 gizonezkoak izan dira.

Adingabeak edo menpeko pertsonak zaintzeko ordaindu gabeko lan-baimenak emakumeek hartu dituzte nagusiki (%60), eta, aldi berean, gizon gehiagok hartu dituzte ordaindutako zaintzagatiko baimenak (%53,3).

Aldundiak adierazi duenez, enpresentzat kostu gehigarria dakarten kontziliazio-neurrien aplikazioa mugatua izan omen da.

Galdeketa erantzundako enpresen %40k lehen aldiz erabili du telelana pandemia garaian, eta enpresa horietan lan egiten duten emakumeen %23,3k eta gizonen% 18,7k heldu dio lanerako modu horri.

Txostenak argi erakusten du emakumeen lana "prekarizatzeko" joera; izan ere, galdutako enplegu finko gehiena emakumeena izan baita (%54), gizonen kasuan, aldiz, %71 aldi baterakoak ziren.

Aldi baterako enplegu-erregulaziorako espedienteek (ABEE) ere eragin handiagoa izan dute emakumeetan, ostalaritzan, txikizkako merkataritzan eta zerbitzuetan gehiago direlako.

Zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia gizonena baino hamalau puntu azpitik dago, eta konpainien %43k ez du batere emakumerik zuzendaritza karguetan.

Aldundiaren hitzetan, alde horretan ez da antzematen pandemiaren eragin negatiborik, baina "posible omen da" epe ertainean izatea, kontziliazio-neurri batzuk erabili izanak etorkizuneko sustapen-aukerak murriztu ditzakeelako.

Gainera, emakumeen lana "apur bat" hazi egin omen da dagoeneko nagusi ziren enplegu-jardueretan, eta horrek "genero-desberdintasunean eta soldata-arrakalan sakon-tzea dakar".

Berdintasun-planak lausotu Ikerketak erakusten duenez, hainbat urtez berdintasun planak "indartzen" aritu ondoren, Gipuzkoako enpresen %13,9k utzi egin behar izan dio plan horiek aplikatzeari edota mugatu egin dituzte.

Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariaren hitzetan, ikerketak agerian uzten du emakumeak "neurriz kanpoko zama hartzen ari direla euren gain adingabeen eta mendekoen zaintzan".

Soldata-kostua duten neurriek, eragin nagusia emakumeengan dutela azpimarratu du, eta horrek "soldata-arrakalan eragiten du, emakumeak mendetasun ekonomikoan mantenduz".

Elgarrestak argi utzi nahi izan du ezinbestekoa dela telelana zaintzarekin "ez lotzea", gizonei zein emakumeei ordutegi-malgutasuna eta malgutasun espaziala ematen dien "lan-modalitatea" delako.

Foru zuzendariak premiazkotzat jo du kontziliazioa sustatzeko politikak bultzatzen jarraitzea, "pandemiak ez dezan zigortu, epe ertain eta luzean, emakumeen garapen profesionala eta ekonomikoa".

Telelana erabili duten enpresetan lan egiten duten emakumeen %23,3k eta gizonen% 18,7k heldu dio lanerako modu horri