Herri txikietan despopulazioa saihesteko usko Jaurlaritzak "ideia arkitektoniko berritzaileak" nahi ditu. Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak Europan izeneko 16. nazioarteko lehiaketarako duen erronka, etxebizitza produktiboen kontzeptuaren inguruan profesional gazteen proposamenak biltzea da, Beizaman aplikatzeko.

Jaurlaritzatik azaldu dutenez, ideia urbanoen eta arkitektonikoen lehiaketa ospetsua da bi urtez behingo nazioarteko Europan deialdia, eta horren baitan hainbat kokaleku hautatzen dira, Europa osoko 40 urtetik beherako arkitekto gazteek bertan eraikuntza proiektuak egin ditzaten.

Europar Batasuneko erronkei aurre egiteko deialdi berria aste honetan bertan zabaldu da, eta Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailaren proposamenean, Beizaman gazteentzako alokairuko 12 etxebizitza publiko sortzea da helburua. Orain, 143 biztanleko herri txiki horretarako proposamen berritzaileak nahi dituzte.

Europan lehiaketaren 16. edizioan aukeratutako bederatzi herrialdetako (Belgika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Norvegia, Suitza, Austria, eta Suedia) 40 herrietako bat da Beizama.

Itsasoaren mailaren gainetik 500 metroko altitudean dago, Gipuzkoaren bihotzean, Tolosatik 14 kilometrora eta Azpeititik 12ra. Mendi artean dagoen Beizamak landa-herri tradizional askoren erronka antzekoei egin behar die aurre: "Udalerriko gazteei eustea eta beste batzuk erakartzea eta bertan finkatzea, bai ekoizpen-jarduera txikiak sor ditzaten, bai bertan bizi eta lanera beste leku batzuetara joan daitezen. Helburu horrekin, Udalak hektarea erdiko lursaila utzi dio Etxebizitza Sailari, elizaren ondoan, proiektua egiteko.

Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak azaldu duenez, "berrikuntza bultzatu nahi dugu alokairuko etxebizitza publikoaren kontzeptu berri bat aurkitzeko, etxebizitza produktiboaren ideiari erantzuteko eta landa-ingurunerako bizitzeko eredu desberdinak sustatzeko, egitura urbanoekin eta eraikuntza tradizionalekin elkar bizitzeko gai direnak". Hori guztia, "desagertzeko arriskuan dagoen habitat bat babestu asmoz".

Etxebizitza produktiboaren alderdi berritzailea landu nahi da proiektu honetan, eta Beizamakoa eredu bihurtu "bizi eta lan egiteko moduko etxebizitza-eredu berri-tzaileak bilatuz, covid-19aren pandemiarekin horien premia areagotu egin baita".

Europako gainerako herrialdeek aukeratutako lekuez aparte, Beizamak Estatuko beste sei kokalekurekin batera parte hartuko du lehiaketa horretan.

Gipuzkoako udalerriaren proiekturako talde irabazlea nazioarteko epaimahai batek jakinaraziko abenduan, eta eraikuntza zein urbanizazio proiektua idazteko enkargua jasoko du, baita obraren zuzendaritza ere.

Mendi artean dagoen Beizamak landa-herri tradizional askoren erronka antzekoei egin behar die aurre