rkaitz Apalategik eta Nagore Lizarralde bikoteak Euskal Herriko hainbat paisaia eta txoko ezagutzeko erabiltzen du furgoneta. Duela zazpi urte ekin zioten abentura honi Ormaiztegitik, bigarren eskuko Renault Traffic bat erostea erabaki zutenean. Hiru urte iraun zien furgoneta hark, eta gaur egun ibilgailu handiago bat dute, Renault Master bat. Bertan egiten dituzten bidaiak EH Furgo blogean eta sare sozialetan erakusten dituzte, furgonetarekin bidaiatzeko informazio interesgarria eskaintzeaz gain. Besteak beste, blogean Euskal Herriko mapa bat dute eta hantxe agertzen dira areak, aparkalekuak eta kanpinak.

"Furgonetan bidaiatu eta planak proposatzen zituen jendearen blogak eta Facebookeko kontuak begiratzen hasi eta ohartu ginen Euskal Herriko nahiko eduki gutxi zegoela, eta euskaraz apenas zegoela horrelako zerbitzurik. Beraz, guk geuk animatu beharko ginela pentsatu genuen", azaldu dio egunkari honi Apalategik.

Horrela, ohe bat eta askoz gauza gehiago ez zituen Renault Traffic-a hartu eta inguruko ibilbideen eta lekuen berri ematen hasi ziren EH Furgo blogean eta sare sozialetan. "Pixkanaka egokitzen joan gara, mundu honetan dabilen jende guztia bezala, eta hiru urteren buruan, furgoneta berria erosi genuen, ekipatuagoa", azaldu du.

Gaur egun duten Renault Masterra "apartamentu txiki" bat bezalakoa omen da: "Bost metro eta erdiko furgoneta da eta hamar metro karratu inguru ditu. Ohea, komuna -dutxa eta guzti-, sukaldea eta egongela txiki bat ere badauzka. Gida-tzeko eserlekuak jiratu egiten dira eta mahai txiki batekin egongela osatzen dugu. Sukaldean, aldiz, sua, hozkailua eta apal batzuk ere baditu. Beste ibilgailurik ez dugunez, guretzako kotxea bezalakoa da".

Furgonetak "askatasun handia" ematen die eta gauza gutxirekin, aurretik prestatu gabeko bidaiak egiteko aukera eskaintzen omen die. "Ez daukazu erreserbarik egin beharrik eta nahi duzun lekura joan zaitezke ezeren menpe egon gabe. Gainera, hotel batean agian astebete eman dezakezu, baina honek nahi adina denbora pasatzeko aukera ematen du, mugitzeko beste modu bat baita, eta prezio aldetik ere zeharo bestelakoa delako, noski ", adierazi du.

Aste Santuan EAEtik irten ezin denez, Apalategik Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko leku batzuk proposatu dizkigu furgonetan ezagutzeko. Gipuzkoan bertan, Oñati azpimarratu du: "Guri leku paregabea irudi-tzen zaigu. Alde batetik, autokarabanentzako prestatutako lekua duelako, eta orain gainera, beste gune bat prestatu dute Aste Santurako unibertsitatearen inguru horretan. Bertan oso ondo hartzen gaituzte eta gauza pila bat egin daitezke".

Adibidez, herria bera, ikusteko "oso polita" izateaz gain, Arantzazu ere ondoan dauka eta Urbiara igo daiteke bertatik. "Bestalde, Arrikrutz eta Aitzulo kobazuloak ere ikusgarriak dira, Euskal Herriko kobazuloen artean gehien gustatzen zaizkigunak ", gehitu du.

Bizkaian, duela gutxi ezagutu omen zuten Enkarterri, eta sorpresa atsegina izan omen zen euren-tzat. "Bertako herriez gain, area asko daude lo egiteko prestatuta, eta inguru hartan, El Pobal izeneko burdinola, Karrantzako harana, Balmaseda herria eta Pozalagua kobazuloa nabarmenduko nituzke", esan digu.

Eta azkenik, Arabako mendi ingurua ere gomendatu nahi izan du. "Oso leku bereziak aurkitu genituen eta autokarabanentzat ondo prestatuta dago. Kanpezun badaude hainbat gune, eta Izkiko parke naturala ere oso polita da. Bestalde, Antoñana herria ere asko gustatu zitzaigun, eta oso ondo hartu gintuzten inguru hartan", esan du.

"Furgonetarekin ez daukazu erreserbarik egin beharrik eta nahi duzun lekura joan zaitezke ezeren menpe egon gabe"

'EH Furgo' blogaren arduraduna