- Kutxabankek Gaztedi programa abiatu du berriro eta Aste Santuan ikastaro berriak eskainiko ditu, iaz pandemiagatik jarduera gehienak eten ostean. Etxeko gazteenei zuzendutako ekintzek hainbat berrikuntza izango dituzte gainera, tartean bela ikastaroak.

Getxoko Jose Luis Ugarte bela eskolak 8 eta 17 urte arteko gazteentzako ikastaroak eskainiko ditu, Aste Santuan itsasoaz gozatu ahal izateko. Eskola honek urtean 1.500 lagun inguru hartzen ditu, eta bere prestakuntza programak adin eta maila guztietarako ikastaroak eskaintzen ditu: ontzi desberdinetan, egokitutako bela-ikastaroak, klase partikularrak edota titulazioak lortzeko ikastaroak.

Beste ikastaro berrietako bat Eureka! Zientzia Museoak antolatuko du, teknologia-koloniak hain zuzen ere. Jakin-nahi desberdinak dituzten gazteei zuzenduko zaizkie, jolas egiten duten bitartean ikas dezaten. Tailer zehatzak izango dira batzuk, X Misioa, Astronautak bezala entrenatu, Zientzia Txokoa, edo Science Txoko, adibidez. Haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak sustatzeko helburua dute eta Doplayko profesional talde batek eskainiko ditu.

Jarduera guztiei buruzko informazioa eta izen-emateko orria Kutxabank Taldearen interneteko atarian aurkitu daitezke, Familiak izeneko atalean.