Aita militarra zuen eta Katalinak txikitatik mirestu omen zuen militarren bizimodua. Bere garaian, ordea, ezkontzea zen emakume ororen etorkizuna, bai gizon batekin bai jainkoarekin. Erausotarrek Katalina txikia moja sartzea erabaki zuten.

Lau urte besterik ez zituenean, Antiguako domingotar mojen komentuan sartu zuten garai hartako neskatxa asko bezalaxe, baina denbora gutxi igaroko zuen bertan, izan ere, mojek Donostiako San Bartolome monastegira bidali zuten bere izaera gatazkatsuari aurre egin ezinik. Han egongo zen 15 urte bete arte. Erlijiorako bokaziorik ez zuela konturatu zen orduan Katalina; bizimodu zorrotz hori ez omen zihoan bat berarekin eta handik ihes egin zuen, nobizia bat egurtu ondoren. 1.600. urteko martxoaren 18an izan zen. Komentuko giltzak lapurtu, ilea moztu, gizonez mozorrotu eta Donostiatik alde egin zuen.

Handik aurrera, gizonezko jantziak eramango zituen beti eta hainbat ezizen erabiliko zituen: Francisco de Loyola, Pedro de Orive edo Antonio Erauso, besteak beste.

Donostiatik Gasteizeraino oinez joan zen ihesi bidean aurkitzen zituen fruituak janez, eta amaren aldeko familiako katedradun baten etxean ostatu hartu zuen. Valladolidera joan zen gero, non Felipe III erregearen kortean morroi gisa jardun zen, Francisco de Loyola izenarekin. Bere aita erregearen idazkariaren lagun ona zen eta Valladolidera bisitan joan zen batean, Katalinak handik ihesi joan behar izan zuen, aitak ez deskubritzeko. Handik Bilbora joan zen eta asaldatu nahi zuten gazte batzuei eraso egiteagatik kartzelan sartu zuten hilabete batez. Nafarroara joan zen gero, eta handik berriro Donostiara. Pasaiatik itsasoz Sevillara joan zen, eta handik Cadizera berriro itsasora-tzeko asmoz. Hiru urte emango zituen hara eta hona.

Hamaika abentura Amerikan

Merkatari aberats eta militarra

Ameriketara zihoan itsasontzi batean sartzea lortu zuen, barkuaren kapitaina gainera senidea zuen, Esteban Egino; Katalinaren amaren lehengusua zen, zeina ez zen konturatu Katalina bera zela, gizonez jantzita zegoelako. Kapitaina hil eta hari lapurtu ondoren, ontzitik ihesi joan zen Katalina, antza, "Amerikak egiteko" asmoarekin. Itsasontzia Europara itzuli zen, Katalina gabe, Amerikan gelditu baitzen.

Venezuela, Kolonbia, Panama eta Perutik igaroko zen, non merkatari gisa jardun zen. Dirudienez, aberastu ere egin omen zen.

Liman kontsularentzako lanean aritu zen, baina kontsularen koinatari ukituak egiteagatik kaleratu egin zuten. Handik Txilera egin zuen ihes, eta ejerzitoan sartu zen, alferez gisa, ohiko soldaduen gainetik dagoen militar kargua. Alonso Diaz Ramirez de Guzman alfereza deitzen zioten.

Maputxeen kontra lehia gogorrean aritu zen; hain izan zen liskartsua Katalina krudelaren fama zuela. Txilen bere anaiarekin koinziditu zuen eta anaiak ez zuen ezagutu. Duelo batean anaia hil ondoren, kartzelan sartu zuten eta kar-tzelatik ateratzean Andeak gurutzatu zituen. Ia hiltzear egon zen. 1623. urtean, azterketa fisiko baten ondorioz, emakumea zela konturatu ziren, baina hori ez zen oztopo izango Katalinarentzat eta Espainiara itzultzean Alferez Moja titulua emango zioten. Izan ere, heroi moduan tratatu zuten Txileko indigenen aurka borrokan aritzeagatik. Militar gisa egindako balentriengatik Urbano VIII Aita Santuak gizon izena eta jantziak erabiltzeko baimena eman zion. 1630ean Mexikora itzuli zen Antonio Erauso izenarekin eta han geldituko zen. Merkantzia negozio bat jarri zuen martxan Mexikoko Orizaba herrian eta bertan hil zen 1650ean lan istripu batean.

Katalinari buruz dakiguna

Autobiografia idatzi zuen

1624. urtean ekin zion bere autobiografía idazteari, bi urte eman zituen idazten eta bere lana eskuz esku ibili zen, 200 urte beranduago Parisen berrargitaratu zuten arte. Bere jaiotze-data ere ez dago argi. Katalinak berak idatzitako autobiografian 1585 urtean kokatzen da, baina Donostiako Artxibo Historiko Diozesarrean oraindik gordetzen duten bataio-agiriak 1592. urtea jasotzen du honako oharrarekin: "Orden kronologikotik kanpo inskribatutako agiria". Ezohiko emakumea izan zen Katalina Erauso, oztopo guztien gainetik bizitza nahi zuen moduan bizi izan zuena.