- Zaporeakek esne bilketa kanpaina abiatuko du Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Larunbatean, martxoaren 13an, Gipuzkoan hasiko da, eta hurrenez hurren, bi astero probintzia guztietan bilduko dute apirilaren 24an Bizkaian amaituz. Jasotako esne guztia Greziako Lesbos uhartean egoera larrian dauden Kara Tepe errefuxiatuen esparruko iheslariei eramango diete.

Martxoaren 13an, Donostian, hiru bilketa puntu egongo dira egun osoan zehar -10.00etatik 20.00etara- esnea eta dirua biltzen: San Martingo azokan, Super Amara Benta Berrin, eta Super Amara Isabel II.a Etorbidean. Zaporeaketik atzo ohar baten bidez adierazi zutenez, garrantzitsua da esnea, behi esne osoa izatea, iraungi-tze-data luzekoa eta Tetra Brik on-tzian ekartzea. "Baldintza horiek garrantzitsuak dira esnea iraungita iritsi ez dadin", azaldu zuten.

Gainera, egun horretan bertan, Zarautzen, Usurbilen, Oñatin, Aretxabaletan, Arrasaten, Aramaion, Beasainen eta Legazpin ere bilduko dute esnea. Zaporeaken sare sozialetan eta elkartearen webgunean emango dute bilketa-puntu eta ordutegi zehatzen berri.

Gainerako lurraldeei dagokionez, martxoaren 27an Araban izango da esne bilketa, apirilaren 10ean Nafarroan eta, azkenik, apirilaren 24an Bizkaian.

Zaporeakek janari duina kozinatzen eta banatzen jarraitzen du Kara Tepe errefuxiatuen esparruan, Moriako sutearen ostean, elkarteak lan egiteko modua berrantolatu eta gero. "Bost hilabete hauetan, egoerak okerrera egin du larrialdi esparruetan, eta covid-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen premiak areagotu egin dira", azpimarratu zuten oharrean. Hori horrela izanik, kozinatzeaz gain, lehorreko banaketari ere ekin dio Zaporeak elkarteak.

Abendutik martxora bitartean, hilean behin elikagai sorta zabala banatu dute Kara Tepeko 7.200 pertsonen artean. Janaria errepidez eraman dute bertara, eta orain, horrez gain, astero esnea eta fruta ere helarazi nahi dizkiete kanpalekuko errefuxiatuei. Izan ere, elkarteko kideek salatu dutenez, "gabezia nutrizional handia" baitute bertan bizi direnek.

Horrela, 7.200 lagun horiei astean behin janari osagarriko poltsa bana banatuko diete, horrela antolatuta: hilabeteko lehen hiru asteetan fruta eta esnea partituko dituzte, eta azkenekoan, aldiz, janari lehorrez osatutako elikagai sorta zabal bat.

Gipuzkoa. Martxoaren 13an Gipuzkoan bilduko dute esnea: Donostian, Zarautzen, Usurbilen, Oñatin, Aretxabaletan, Arrasaten, Aramaion, Beasainen eta Legazpin.

Araba. Martxoaren 27an jasoko dute esnea.

Nafarroa. Apirilaren 10ean jasoko dute esnea.

Bizkaia. Apirilaren 24an jasoko dute esnea.

Bilketa-puntuak. Zaporeaken sare sozialetan eta elkartearen webgunean kontsultatu daitezke.