- Ikastolen Elkarteko eta Galiziako Semente eskoletako ordezkariek LOMLOE legearen inguruko ezinegona plazaratu zuten atzo Santiago de Compostelan eskainitako ekitaldian. Gaur egun indarrean dagoen legearen inguruko analisi bat aurkeztu, eta horren nondik norakoak ezagutzera eman zituzten.

Indarrean egon zen aurreko legearekin -LOMCE­- alderatuz gero, LOMLOEk izaera zein ideia “zentralista” eta “jakobinoa” mantentzen jarraitzen duela adierazi zuten, bien artean ez baitago alde “nabarmenik” artikulu organikoak zeintzuk eta zenbat diren erabakitzeko garaian.

Hala ere, planteamendu atzerakoiekin alderatuz, LOMLOE “kualitatiboki” zuzendu eta hobetutako legea dela aipatu zuten. Aurrerapauso horien artean aipatu zituzten: DBH eta Batxilergoa gainditzeko ezarritako kanpo ebaluazio probak, promozioa eta titulazioa baldintzatzen zituztenak desagertu izana; nazioarteko nahiz lurraldeko kooperazio proiektuak garatzeko aukerak irekitzea; konpetentzia garapena azpimarratzea eta horretarako Curriculumaren kimaketa, diziplinarteko eta ikastetxeko proiektuak eratzeari ateak zabaltzen dizkiola, eta landa eremuko eskoletan eskaintza luzatzeko aipamena ere egiten duela.

Aurrerapauso horiekin batera, legearen beste atal askotan “zehaztasun falta” dagoela aipatu zuten; alegia, hiru eremutan “ez da behar bezala aurrera egin”, eta egoera horren gainean euren kexa azaldu zuten.

Bestalde, Batxilergo garaian ikasleek gauzatu beharreko bi ikasturteak pedagogikoki berritzeko zailtasuna gogora ekarri zuten. Izan ere, lege berrian Unibertsitatera sartu ahal izateko proben ezaugarriak bere horretan mantendu baitira. Alegia, ikasketa prozesu “memoristiko” eta “sistematikoa” sustatzen jarraitzen duen eredua dela salatu zuten. Sarbide proba hori gainditzeak duen “garrantzia” kontuan izanik, ikasleek jasan eta pairatu behar duten “presio psikologikoa” kontuan izateko eskatu zuten.

Gainera, lege berriak hezkuntza formala eta ez-formala plano desberdinetan formulatzeko duen planteamendua ere aipatu zuten. LOMLOEk bi horien arteko koordinazioa ia aipatu ez arren, oraindik funtzio hori nork bete eta nola gauzatuko den jakitea “ezezaguna” omen zaie.

Azkenik, eskola laiko batean, ezagutza zientifikoaren printzipioa gidari izatea eta kontzientzia-askatasunean oinarritutako hezkuntza sistema eraikitzeko eskaerak ez omen dira betetzen, eta horregatik, hori ere “beste aukera galdu bat” dela adierazi zuten.

Hori horrela izanik, LOMLOE “ez da nahikoa” hezkuntza-sistema eraikitzeko. Izan ere, azken 35 urteotan indarrean jarri eta aldatu diren hezkuntza lege organiko guztiak, espainiar estatuak bere beharretarako eta nahietarako garatu dituela adierazi zuten. LOMLOE hau euren eredu ez dela aldarrikatu zuten, amaitzeko.