- Horregatik, Ikusmira izenarekin berreuskalduntzean jauzi egiteko ekarpena izan nahi duen agiria aurkeztu zuten atzo Usurbilen Euskal Herrian Euskaraz erakundeak (EHE), bere jarduera garai berrietara egokitzeko asmoz. Alegia, EHEk Euskal Herriaren independentziaren beharra aldarrikatuko du, euskararen lehentasunezko estatusa eraiki ahal izateko.

1979an euskararen aldeko talde hau sortu zenean, bertan sortu zitzaizkien “kezka eta ametsak” azaldu zituen Kontxi Errok, EHEren sortzaileetako batek. Sorreraz geroztik, egitasmo ugari abiarazi dituzte xede jakin batekin: “Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko ametsa”.

Beraz, taldeak izandako ibilbidearen inguruko balorazio “positiboa” egin bazuen ere, “bistan da oraindik ez garela helburura iritsi, gure herrian normaltasunez eta mugarik gabe euskaraz bizi ezinik jarraitzen baitugu”.

Hortaz, euskalduntzearen aldeko borrokan EHEk “bultzada berria” egingo duela adierazi zuen Errok.

Hain zuzen, agiri honen berritasun nagusia, EHEk Euskal Herriko independentzia “argi eta garbi” aldarrikatzean oinarritzen dela jakinarazi zuen Ane Aizpuruak, EHEko egungo kideak: “Euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, normalizazio osoa erdiesteko beharrezko den hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko, eta, horren emaitza gisa, euskaldunok euskaraz normaltasunez bizitzeko”.

Hori dela eta, aurrerantzean euskal herritarrok pairatzen duten diglosia-egoeratan EHEren jarduera bereizgarri nagusiak “desobedientzia eta aktibismoa” izango direla adierazi zuen Aizpuruak: “euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena, ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea da”.

Hortaz, aurkezturiko puntuekin bat egiten duten euskaltzaleei EHEren komunitatearekin bat egiteko deia egin zieten: “Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko EHE indartsua behar dugu, euskaltzale guztien ekarpena behar dugu”.